Bizitza zatiren bat
2018-03-29 00:00Egunkaria irakurtea, ez gaitezan engainau, ez da aro bateko errituala; garai bateko goizak, ezjakintasunarenak izaten baitziran. Ez genduan idearik mundua zelan ete ebilen; pleistozenoko albisteez elikatuta ibilten ginan.
Informazinoaren historiaurrean bizi ginan, eta ez pentsau: dana genkiala uste genduan! Izan be, sasoi haretan mundu bi egozan, argi eta garbi bereizteko modukoak: batetik, geure mundua; bestetik, ostera, beste mundua, hau da, urrunekoa, arrotza, burua tarteka han sartuten gendualako baino ikusten genduana. Geure mundua geure etxea zan, esnatukeran ikusten genduan mundu bakarra, bere muga sendo eta, gaurko begiez ikusita, sano horreekaz. Horrezaz gan, beste mundua zera zan, zelan esan, kioskoan egunkaria erosi eta —beti sorpresa puntu batez— ikasten zenduna. Kontu ezagunak batzuk eta ezezagunak beste danak.
Halango baten agertuten zan albiste segida bat aste osoa irauten ebana: komando bat atxilotua, lehenengo; komandoa komisaldegian, gero; komandoko kide batek iges egin ei dau poliziaren eskuetatik, bat-batean; komandoko kidea hilik da erreka-inguru baten, azkenik. Egunero egunkaria kioskoan hartu orduko, gogo handiz irakurten zenduan zeure begietara barria zana, beste inork esaten ez eutsuna. Gero, behin egunkaria zarratuta, zeure betiko mundura bueltetan zinan, han non, asko jota, baten batek txutxumutxuren bat kontauko eutsun, biharamunean egunkarian kontrastau beharko zenduana, jakina; edo, asko jota, gaueko partean. Guk, lantzean behin, gau osoa izarrik emoten genduan, esperoan, goizeko ordu txikitan (lauretan edo bostetan) egunkaria erosi eta konturen bat tentuz irakurteko. Orduak kalean emoten genduzan —barriketan, hipotesiak eginaz— egunkaria heltzen zan arte.
Egunkaria irakurtea txito ekintza intimoa zan: mundurako leihoa zabalduta zenduan unea. Orain, barriz, alderantziz da, izan be, orain uretan hildako umearen gorpua ikusiz armosaten dozu; hori gitxi ez, eta kafea amaitu orduko eta etxetik urten bage sano ondo dakizu umeak zein izen eukan eta zelan hil dan zeure etxetik 1.500 kilometrora. Horregaz guztiagaz, kontua da zurrunbilo haretara, daborduko, ez dozula begitu behar: zurrunbilo barruan zagoz, gau eta egun. Era beretsuan, kontua da ez ha, hau, zeure bizitza propioa dala orain gitxiago ikusten dozuna. Lehen bizitzea bizitzea zan, eta albisteak azaltzen ziran. Gaur, aldiz, bizitzea albisteak dira, eta, tarteka, bizitza puskaren bat sartzen da espero ez dogun tokiren batetik. Zorionez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!