Gerrea
2018-03-27 00:25Geure herria hamaikatxu traumaren menpean bizi izan da historiaren bahean zehar; danatarik gatxena, gerrea. Donge horreen kontrako botikea edo farmako sendagarria topetea, danon eta gutako bakotxaren egitekoa da, benetan erradikau daiten gura badogu, behintzat.
Herri txikerra da geurea; txikerra ez eze, txikitasunaren aje guztiak ditu. Hamendik kanpora inork gitxik ezagututen gaitu. Orson Welles-en aspaldiko dokumental ha baino ez daukagu, jantzariak nahiz pelotariak erakusten zituan ha, munduari bagarela azaltzeko. Izan da geure aditz klabea. Hain da txikia geure herria, gerrak bere oso txikiak dira hemen; hain dira txikiak, non ezin jaken gerra bere deitu. Pentsau ze gerra nimiñoak diran, egon diranik be ukatuten deuskue. Gerrea? Zuek ez dakizue zer dan gerrea, dinoe. Modu berean, zein desbardina dan, ostera, errealidadea, egunkariek erakusten dabenaren aldean.
Errealidadean, izan be, jazo ahal jatzue unerik ezustekoenean, guda zure etxean agertutea ate joka. Hori beti gertatzen dalako bat-batean. Eta, ganera, ezustekoen aurrean beti dagoz erantzun bi: bata berehalakoa, egoereari aurre egiten lagunduten deutsun hori; bestea, barriz, urteetan eta urteetan mamintzen joaten dana, hau das, zeure nortasunean txertatuta dagoana, medikuek trauma lez tipifiketan dabeena eta zuk, akaso, ideologia esaten deutsazuna.
Hori dala-eta, zein da traumearen eta ideologia modura bataiotzen dogun horren arteko zinezko aldea, baldin eta badago? Akaso ez ete gara minak egiten gaituana? Eta akaso ez ete dira besteak be geure minak egiten dituenak? Gerreak geure etxeko atea joten dauenean harrituta geratzen gara, geure mundua suntsitzen hasten dalako, inor horretaz otu bage. Ez dago gainbeherearen kronikea egingo dauen kazetaririk gerrea etxe barruan daukan familiarentzat. Aitzitik, txikizinoa ez da momentu batetik bestera gertatzen, ez bada ezarian, unedaka eta erremedio barik. Batez bere, erremedio barik.
Gudea beti kontau izan da hildakoen estadistiken medioz. Badirudi gerreak ixten dituan ondorio bakarrak zenbaki solte batzuk besterik ez dirala. Baina zenbaki horreek sano pisu handikoak dira bizirik geratuten diranentzat: joandakoek baino gehiago sufriduten dabe bizirik geratzen diranek. Batetik, betiko urruneratutakoen absentzia kudeatu behar dabelako; bestetik, aldiz, ez dakielako biziraun ahal izango daben. Baina horreek egunkarietatik zein kronika ofizialetatik at geratzen diran aferak dira beti. Horregaitik, zein da nobelagilearen desafioa, izkutuan gorderik dagoana azaltzea ez bada?
Bizitza ororen asmoa biziteko arrazoi bat topetea dala deritxot, eta, era berean, arrazoi horren gauzagarritasuna desafioan jartea; amesak kunplidutea, hain zuzen. Dana da egingarri, hasikeran, heriotzearen idea zera lauso bat bezala ageri danean. Heriotzea ekuazinoan sartukeran, ostera, amesen tamainu erreala agertuten jaku begien aurrean, amesen ezinezkotasun mingarri hori, hain zuzen bere. Orduantxe, amesa jausi egiten da, bizitzeak jatorrian eukan errelato zentzuzkoagaz batera.
Argi daukat. Amesik bage, bizitzea delirio bat da; biziraute soil eta banal bat, ez beste ezer. Pasino zaharren hanpatze infamea da, maitasunaren exaltazino groteskoa, nihilismoa, galerea; edo, bestela, zinismoa, egozentrismoa eta hazirako itzulerea, umetze txepel etenbakoa. Gerrea bizitako umea, behinik behin, ames barik koskortuten da, heriotzearen ustezko urruneko ortzemugea harresi lez ageri jakolako, hazi gura leukien baina ezin daben begi harrituen aurrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!