Cipollini: argi-ilunen istorioa
2018-03-25 16:56Mario Cipollini nahitaezi aitatu beharreko figurea da: existiduko ez balitz, asmau egin beharko litzakeen gizasemea. Atzo 50 urte bete zituan horren klasiko, lehen txirrindulari lez; orain, aldiz, modelo edo enpresari bihurtu dan abiadurearen maitaleak.
Maitatua besteko gorrotatua, beti polemiko eta eszentriko, Mario Cipollini inozko esprinterrik bizkorrena lez bataiotu izan dabe aditu frankok. Il bello-k sprint masiboak ezker-eskuma menderatu zituan 1990. eta 2000. hamarkaden artean. Bere ibilbidearen hastapenetatik, Lehoi erregeak karrera barruko nahiz kanpoko bitxikerien jaun eta jaube izatea lortu eban. Berbarako, sailkapenen baten lidertzea lortuten ebanean, lider-maillot haren araberako culottea janzten eban, goiko erropearen koloreen araberakoa, hain zuzen. Esate baterako, gogoan dot prologo-saio baten giza gorputzaren muskulaturea irudikatuten eban monoagaz dan-danak harritu zituala. Ez hori bakarrik; maukarik bako mailloten sustatzaile garrantzitsuena be izan zan italiarra. Hori guztia, jakina, bakotxari jagokon isunak ordaindu ostean, UCIren jantzi-araudia ez errespetetearren.
Bizikletaz haragoko izakereak —probokatzailea eta harroputza— eta emakumezkoen sektorearen barruan (batez bere, karreretako podium-azafaten artean) izandako ospeak playboy famea emon eutsen eta oraindino gehiago handiagotu eban bere potere mediatikoa zein mitoa. Il bello izar handia bihurtu zan Italian –nazino mailan ez eze, nazinoartean bere bai— eta ha inguratuten eban oro show business hutsa zan.
Dana dala, Cipolliniren ibilbidean barrena ez zan dana argia izan. Italiarraren momento ilunenetako bat 2000. urteko Espainiako Itzulian ikusi zan: Cipollinik Francisco Cerezo aurkaria kolpatu eban, ukabilkada sendoa emonaz, etapa hasikerako sinadura-kontrolean. Izan be, Cipollinik eta Cerezok bezperako etapako haize-babesetan liskarren bat izan eben eta, biharamunean, geure protagonisteak ez eban galdu justizia bere bidetik hartuteko aukerea. Logikoa dan lez, egun haretantxe lasterketatik kanporatui eben.
Bestalde, Il bello-k beste jazokera polemikoren batzuk bere sortu zituan: alde batetik, Espainiako Itzuli bat aitzin-etapea leihatu ostean itxi eban, haren taldeari bere izenagaitik gonbidapena emon ondoren; beste alde batetik, ostera, bere esprint-bideratzaileakaz istiluak izan zituan eta, era berean, mendiko etapetan egundoko pasibidadea erakusten eban sarri, hau da, burrukatu ordez, amore eman eta karrerea ixten eban.
Cipollini desbardina zan, ikuskizun konstante bat; gustau edo ez, ezin leiteke ezelan zalantzan ipini txirrindularitzea lau haizetara zabaltzeko derrigorrezko osogaia izan zana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!