Enzo Maiorca, bizi oso bat itsasorako

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-03-22 16:10

(Post hau irakurri bitartean soinu-banda jakin bat entzuteko gomendatu gura neutsueke, ahal dala aurikularrakaz; Eric Serra frantziarrak Luc Bessonen The big blue filmarentzat sortutakoa da, itsaspean sentiazoko zaitue).

Leonard Cohenen heriotzeak itzalean itxi dau beste galera handi bat, Enzo Maiorca apneistearena. 1980ko hamarraldian ezagun egin zan munduan, Jaques Mayol-egaz izandako urpeko lehia zinemara eroan ebalako Luc Besson zuzendari frantziarrak. Kasu arraroak izan ziran bai Jaques Mayol, bai Enzo Maiorca, itsaspean kasik arrainen pare ibilteko gaitasuna eukielako. Oso epe laburrean, 40 metrotik 100 metrora bajatuteko gaitasun atletikoa garatu eben. Era berean, zientzialarien arretea isiotu eben, urpean bihotza ikaragarri geldotzeko gai ziralako. Hortxe egoan horrenbeste irautearen arrazoia, bihotza zinez muskulu bat lez kudeatuteko iaiotasuna, eta, horrexeri esker, oxigeno bage irauteko erraztasuna. Zango biko izurdeak lakoak ziran biak ala biak.

Urte hareetan, urpean ahalik eta gehien jaistea lehiaketa bihurtu eben Enzo Maiorca-k eta Jaques Mayol-ek; bien arteko lehia mitikoa sortu zan, garaiko komunikabideek elikatu ebena, eta guganaino Luc Besson-i esker heldu zana, esan bezela, Le grand bleu pelikuleari esker.

Lehenagotik bere erakutsia eban Luc Besson-ek itsaspean filmetako fintasuna, eta urari bere balio sinbolikoa zein metaforikoa itzultzeko artea. Garaian, gorderik ez daukadan kritika gogoangarria egin eutson Mikel Insaustik, Eginen (egunkari mundial haretan), eta, orduantxe oso gaztetxua izanagaitik, urteetan zehar gordeta izan neban, etxe-aldaketearen kaosean galdu arteraino. Kritikeak filmaren balio metaforikoa azpimarratuten eban, hor jorratuten zalako gu guztion jatorri likidoa, eta non edo non gordeten dogun uretara itzultzeko bulkadea, gehienetan itsasoagazko daukagun liluran sumatzen dana. Beno, oso gogoz nabil… beharbada, ez eban hori esaten, baina horixe gogoratzen dot neuk, behintzat.

Horrezaz gan, Wong Kar-Wai-ren In the mood for love hipertxalotuaren aurrekari modukoa be badala irudituten jat, slow Blog erabilera benetan apartekoa egin ebalako, sedukzinoaren instante magikoa luzatuz eta hartan olgetea eginaz, horretarako bideoklipen teknikeak bereganatuz, eta Eric Serraren musikea oso modu deigarrian erabilita (Atlantis-en bere, biak alkarren arteko lana eginak ziran). Hain zuzen be, aitatutako In the mood for love zoragarrian Kar-Wai-k Shigeru Umebayashi-ren musikeagaz egin eben lez. Sedukzinoa, Jean Marc Barr-en eta Rosanna Arquette-ren artekoa, modu literalean sentidu eitekean film horretan, kamera geldoaren, argazki dotore baten eta musika gogoangarriaren buztarketeari esker; eta, orobat, zer espero dau ba ikusleak, maitasun-istorio batez, ha sentidutea ez bada?

Luc Besson-ek autorezko film tranpatia egin eban, bi apneisten arteko lehia putzituz. Baina, hori bai, niretzat film bikaina da, gai sakon eta konplexua edozeinentzat egiten ebalako irensgarri, edo, gura badozue, maistream samar. Milos Forman-en Amadeus filmaren eskema antzekotsua erabili eban (Sallieri Enzo Maiorca zan). Berez, ikusleria zabalarentzat gatxa nahiz urrunekoa izan eitekean gaia morbo-geruza bategaz edulkorau, eta, hop, aurrera. Zinema dan amesen fabrikearen logikearen oso barrenean dagoan erabagia da, sano sarri egin izan dana (baita maisu handienek be).

Jaques Mayol, filmaren protagonistea, Luc Besson-ek ederto mitifikatuten dauena —Jean Marc Barren edertasun mediterraneoari esker—, persona berezia izan zan; beti bizi izan eban lehia gogo gitxiz, itsasoari modu gogor eta ia mistikoan lotua egoalako, eta lehia, behinik behin, dezente banala irudituten jakolako. Lehia itxi ebanean, itsasontzi baten bizi izan zan; ganera, baleen artean ibili zan, harik eta, zahartuta, urpean sartzeko gaitasuna galdutakoan, bere buruaz beste egin eban arte, arbola batetik bere burua zintzilikatuz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu