Amodio musikala barik, militantzia musikala

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-03-20 14:03

Gau berezi baten aurrean eta BEC barakaldoztarra lepo bete eben 10.000 ikusleei eskertuta, Berri Txarrak taldeko kideek euren emonaldia hiru ordu pasautxura arte luzatu eben; tartean, showcase formatuko saio akustiko zentrala eta estadio osoaren rock sentimen sakona.

Iragan zapatuan, Bilbo aldeko metroetan sartu ezkero, sano egun berezia zala igarten zan: garraiobideok manifestazinoko jubiladuz ganezka edo gazte jenteaz bete-beteta egozan —bai, tamalez euskeraz berbetan entzutea zeozer arraro lez jo behar izan genduan—. Gazteek, behink behin, Ezkerraldeko  Kabiezes ingurura joiazan bagoiak okupetan zituen; Ansioko geralekura ailegauta, musikazale frankok arazoak izan zituan BECerako zein urtekera hautatu erabagiteko eta, hori dala eta, batak besteari zuk jarraitu jenteari gomendatuten eutsien. Hori bai, jomugea ondo ezaguna zan danontzat: Berri Txarrak (Lekunberri, 1994) taldearen Infrasoinuak deiturako azken lanaren aurkezpen-saio erraldoia, Asian, Ozeanian (Rise Against genioakaz batera) eta Bartzelonako Razzmatazz-en abiatua.

Behin BEC barruan, The Baboon Show talde suediar gonbidatuak gaueko talde haundiak ikusleria zorotuterik ez eban itxaron gura izan: ordubeteko emonaldia eskaini eben, gorabehera interesgarriz josia eta soinu erakargarria erakutsiz. Ezbairik bage, etorkizunean jarraituteko moduko taldea: gizonezko nahiz emakumezko binak osotuta dago; andrazko bi horreetako bat abeslaria bera da, garai bateko Iggy Pop-en gomutak ekarten dituana. Ez dago zalantzarik, txito ondo justifikauta geratu zan zer dala eta bete eben Bilboko Kafe Antzokia (orain dala urte pare bat) sold out harrigarri bezain zurrun batez.

Baina zapatu gauekoa makrokontzertua zan, zeozer izatekotan; azken hau kontzertu-eremuko barretan nahiz komunetan topetan ziran ilara amaibakoetan ikusten zan. Talde bien emonaldi-artean, ganera, jaialdi handietan lez, taula arteko pantaila erraldoi biek danatariko iragarkiak erakusten zituen: komertzialak (Azkena Rock Jaialdikoa, berbarako), instituzionalak (eraso sexisten kontra, kasurako) eta baita politikoak bere (ezker abertzalearen eta bere herri-eraikuntza proiektuaren ganeko dokumental luze bat). Teorian, behintzat, BECean 10.503 pertsona egozan: 10.000 ikusle, 300 prentsa-munduko behargin eta konbidadu, 200 langile eta hiru musikariak: Galder Izagirre irundarra (bateria-jolea; Dut eta Kuraia talde kutunetan ibilitakoa), David Gonzalez bilbotarra (baxu-jolea eta koruen arduraduna; PiLT eta Cobra taldeetakoa) eta Gorka Urbizu lekunberritarra (Nahi ta Nahiez taldeko sortzailea be badana;  abeslaria, gitarra-jolea eta taldeko frontman-a). Puntualidade ingelesagaz urten ziran hiru artistok taula ganera. Egin eben lehenengo gauzea, euren instrumentuak oratu barik, aurrekaldera hurreratu eta ikusleria agurtutea izan zan. Hunkituta, pozarren eta benetan eskertuta ikusten jaken, milaka pertsonaren aurrean irribarretsu.

BTX lehergailua martxan jarri zan, orduantxe: BCNko orden bardintsuan, Infrasoinuak disko barriko kantakaz ekin eutsien gauari. Dana dala, Bartzelonan ez bezela, diskoko hamar abestiak erreskadan egin zituen, hasikera-hasikeratik. Ziurtasunez, sendo eta 25.000 wattioko indarragaz, BEC osoa konkistau eben. Eszenatokia oso ospela eta iluna zan; baina, hirugarren abestian, INFRA jarten eban teloi erraldoiak atzekalde dana hartu eban. Seguru asko, udako makrojaialdietan erabili ahalko daben osogaia izango da teloi hori. Ondoren, Gorkak ikusleak agurtu zituan Gabon, Barakaldo; gabon, Ezkerraldea; gabon, Euskal Herria orroaz; era berean, gaua luzea izango zala eta ondo etorriak sentiduteko esan eutsen ikusleei. Eta, bai, azkenean hiru ordu luze izan ziran berrogei bat pista joteko, hiru pasartetan bananduta. Beti euskeraz, Gorkak garitoetan jotetik datozela autortu eban eta eurena Euskal kulturea moduan ezagututen dana dala adierazo. Ostean, hardcore gordineko pildora bana askatu eben: Hozkia eta Sed Lex.

36. minutuan, lehenengo mutis-a edo etena etorri zan. Teloiak eszenatokia tapau eta, gerotxuago, agertokia atrezzo desbardin batek atonduta argiztau zan. Bigarren parte horretan, taldeak boskote lez egin eban bere performance-a: biolina eta sintetizadore nahiz mandolinea gehitu jakezan. Azpimarratuteko modukoa, era berean, Arkaitz Minerren emonaldia. Berri Txarrak-ekoek usu adierazo izan dabe ez dirala makrokontzertuen zale sutsuak, ezta ekimen masiboenak be; eta, beharbada, horrexegaitik egin eben eurek sortutako XXXL formatu basatiaren dimensinoak apurtxu bat apaltzeko saiakerea, agerlekua txikituz eta bost musikariak alkarren ondoan estutxuago jarriz. Parte zentrala askozaz akustikoagoa, abesgarriagoa, nasaiagoa eta intimoagoa subertau zan, BEC baten intimismoa lortutea ia-ezinezkoa dan arren —eta, ez, ez eben ezelako intimismorik lortu—.

Prozesu akustiko honetan, BTX garapen murritzeko post-rock gautarretik tonu minorreko act co estiloetara mobidu zan; beste berba batez, Anari eta Walkabouts arteko uhin nahasietan. Askoren ustez luzeegia izan zan erdiko zati honek, orobat, izan eban keinurik zendutako Iñigo Cabacasen omenez, Joseba Sarrionaindia maisuaren Aspaldian utzitako zelda (gogoan doguz gaur hamen egon ezin diranak, egin eban aldarri Lekunberrikoak) abestian, besteak beste. Horrezaz gan, autoafirmazinoaren kutsurik be egon zan (…eta gero poesiak ezertarako balio ez dauela esango dabe). Jarraitzaile gaztetxuenek lau haizetara eta ia-ia a capella kantetako pasarteak be egon ziran, Ken Zazpiren itxuran  —adibidez, Poligrafo bakarra edo bersino originaleko distorsinoa nahiz pisu guztia kendu eutsien Makuluak—; kanton interludio, lelo zein errepetizinoetan jentetzearen oooh, oooh ahozko esku-hartzea bilatu eben, Mumford & Sons bailiran.

Halantxe emon zan amaitutzat zati akustikoa; jarraian, beste mutis edo ixilune bat eta, jakina, agerlekuaren itxura-aldatze express bat. Hirugarren zatian, hondoko oihalak distira bizitxuagoa hartu eban, Ikasten lehergarriak taldearen old school jarraitzaile beteranoenak hankaz gora jarteko. Harrigarria, bide batez, horrenbesterainoko elektrizidadea hain ondo sonorizatua egotea, beti be Mikel Santos handiaren eskuei esker. Denporeak aurrera egin ahala, BTX-k zati akustikoko nasaitasun urdina atzean itxi eta Jaio.Musika.Hil moduko danbada superlatiboakaz danen garrasiak isiotu zituen, gero Gezur bat mila aldiz vintageagaz aurrera egiteko. Ez dut nahi bizkorrean, alabaina, argien kudeaketa bikainak bereganatu eban arreta guztia eta, honen ostean, FAQ-en soinuaren gardentasun aratzak. Libre-ren txandea ailegaukeran, Negu Gorriak gogora ekarri eben rapeo zein sasi-scratch naroek BEC bahitu eben eta, zelan ez, Iparra galdu: hegora joan edarrak RATM kaliforniarrak ozeanoaz bestaldera hurreratu zituan.

Baina, logikoa dan neurrian, denporearen dilatazinoak eta horrenbesterainoko distantzian esprintetako ezintasunak errepertorioa apaldu eban eta tenpoak mantsotzera behartu. Apurka-apurka, musikariek geroz eta koru gehiago exijiduten eutsiezen ikusleei   —geroz eta Ken Zazpidun estilo kamutsagoa—; orduantxe, erabagi bikain bat hartu eben: stoner musikearen erritmo pisutsu baina geldoxeagoetara igaro ziran, dosifikatze aldera. Gorkak, bere horretan, euskal talde batek BEC ahalguztiduna beteteaz harro egozala azaldu eban eta taldearen ikus-entzulerik zaharrenei (goian aitatutako old school helduei) gorazarre egin. Amaiera bistan zala, beste hit bi eskeini zituen: Zerbait asmatuko dugu hurakana eta Denak ez du balio esplotadua.

Azken partea, laugarrena, sorpresea izan zan, egia esan. Gorka Urbizu berberak jarri eban abian, gitarra akustikoa eskutan. Maravillas jo eban, Marielle Franco aktibista brasildar erailari omenalditxu eta guzti. Dana dala, esan beharra dago rock-ean lar erabilia dagoan errekursoa erabili ebala, berak ustez baztertu egiten dituan horreetakoa: jentetzeari beren mobikorretako argiak isiotuteko eskatutea (urtebeterako argazki andanea lortu eban taldeak, sikeran…).  Akabua, atzera bere, guztiz elektrikoa izan zan, mahai ganeko kolpe zehatz baten parekoa: Oihu ozen bat. Bukatzeko, hiru ordu beteta eta izerdi patsetan, hiru taldekideak eszenatokiaren aurrekaldera hurreratu eta, barriro be, ikusleei berotasuna eskertu eutsien. Euren ibilbidearen baitan, mugarri edo zedarria markau gura izan ezkero, misinoa egoki bete eben. Hori bai, zalantzak daukadaz horretarako hiru orduko kontzertutzarra behar dan.

Bestalde, BEC-en ikusleei gura ebena emon eutsien, hau da, hit-ak eskatu eutsiezen eta horixe eskeini eben. Nire ustez, taldeen kriterioak beti ikuslegoarena baino puntutxu bat gorago egon behar leuke. Bestela esanda, orain arte musikeagazko benetako pasinoa, sentimenen maitasun gordina eta kritikotasunik zorrotzena Euskal Herritik kanpo egindako BTX-ren emonaldietan topau izan dot. Izan bere, BEC-ekoa maitasun musikala izan zan, melomania hutsa. Hori ondo dago, bai, baina nire apostua, behintzat, militantzia musikalarena da, hots, zeozer benetan maite badozu (talde hau, berbarako), haren alde txarrak sendo kritiketako eta zalantzan jarteko kapaz izan behar zara, eta ez alderdi onak goraipatuteko bakarrik. Askozaz gatxagoa deritxot —eta izugarri gehiago baloretan dot— Nantes-en ikusle bakarraren aurrean dana emotea; Arrebato bateko ikusle espainolak eta euskeraz txintik ez dakienak musikeaz eta jarrereaz konbentzidutea; edo Rise Against, Incubus zein Descendents moduko taldeek gonbidau lez aukeratuak izatea, BEC bat 10.000 lagunez betetea baino, hara doazen danak daborduko irabaziak daukiezala jakinda. Bien bitartean, Madrilgo La Rivieran ikusiko dogu alkar. Militantzia musikalaren —eta kulturalaren, eta bitalaren— baloreak mutur-muturrera eroanda, Jaio.BTX.Hil. Beti(ko).

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu