Pertsonaiak mamitzen
2018-03-19 23:18Goi-mailako literaturea sortuteko autobia, formula magiko edo hiruko erregelarik ez dago.
Zergaitik maite doguz Rayuela-ko Maga eta Horacio Oliveira, Garcia Marquez-en Aureliano Buendia koronela, Patricia Highsmith-en Rypley misteriotsua, John Fante-ren Arturo Bandini galtzailea, Holden Cooulfield gazte atormentadua, Raskolnikov hiltzaile malapartadua eta, oro har, irakurri genduzanetik geugan betikotuta, bizirik dagozan pertsonaia literario horreek danak? Zelan egin eben Salinger-ek, Truman Capote-k, Paula Fox-ek eta literaturearen maisu-maistra haundiek pertsonaia horreek hazur-mamituteko, hain sinisgarri eta apasionagarri egiteko?
Literatura ona zelan egiten dan ezin da esplikau, hori mila bider esan dabe idazleek: formularik balego, bitakora kaiereari kasu egitea liburu on bat idazteko nahikoa balitz, liburutegiak liburu gogoangarriz beteta legokez (eta ez dagoz). Idaztea, jakina, kontetako artea, giza psikologia sartzeko eta ha azalera ekarteko trebezia, berezkoa da, nork berea dauka eta ez da eskolan ikasten. Baina horretan asmau dabenen lana aztertutea, hau da, espionaje industrial apur bat egitea, idazlearentzat preminazkoa da, egin behar danaren eta, batez bere, egin behar ez danaren klabe franko eskaintzen ditualako.
Literaturearen klabea sinisgarritasuna da. Sinisgarritasuna da, hain zuzen be, irakurleari literaturea dan eraikuntzea edo subterfugioa ahaztuarazoten deutson giltza, kontakizuna errealidade balizko baten eremuan sartu eragiten dauena, eta sinisgarritasun horretan pertsonaia da, edo pertsonaiak dira, testua alde batera edo bestera lerratuarazoko dabenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!