Aramu-gizona
2018-03-16 14:25Askatasunaren ganean aditu daitekezan topiko eta esaldi potolo horreetako bi ondokoak dira: alde batetik, askatasunak hegan egin leikela da; bestetik, ostera, askatasunaren azken aldia izan daitekela jakitea.
Alain Robert izen-deituradun norbanakoak, aipu bi horreek oso-osoan beteten dituela esan beharko da. Izan be, 1962an, Valence-n mundura etorritako Frantziar horren afizinoa eta pasinoa mendi igonezinatan gora egitea izan da betidanik; egun batean, baina, mendien ordez eraikinak igotea posible ete zan galdetu eutson bere buruari. Pentsau eta egin. Handik egun gitxitara ekin eutson bere lehenengo abentureari: zortzi solairuko edifizio bat eskalau eban, ezelako laguntzino edo segurtasun-neurri bage, hotz-hotzean. Ordutik, 150 eraikin baino gehiago konkistau ditu french spiderman ezizena hartu dauen aramu honek.
Bere berbetan, afizino hau hamaika urtegaz sortu jatan, baina beranduagora arte ez naz gauzatuten hasi. Hamaika urteko gaztetxua nintzala, etxeko giltzak edifizio barruan ahaztu eta, hori dala ta, eraikinera edegita itxi neban leihotik sartuteko behetik gora eskalau neban. Horrenbestez, neure pasinoa beharrizan batetik abiatuta erne zan. Mendiaganako zaletasunari be eusten deutsat oraindino, baina benetan beteten nauena eraikinak eskaletea da, tontorrak baino gehiago.
Eskaladore araknido honek mundu osoko edifizioak bere egin ditu, bai, baina, modu berean, esan behar da erorikoez, ezustekoez eta istripuez gan, Robert-en arazorik latzenak legediagaz lotutakoak izan dirala. Frantziarrak ez dau egundo inongo baimenik eskatu eraikinotan gora egin ahal izateko eta, horregaitik, hamaikatxu isun, salaketa nahiz epaiketatan arpegia emon behar izan dau. Hori gitxi ez, eta lantzean behin poliziak lagunduta urten behar izaten dau eraikinetatik —komisariara abiatuteko, jakina—. Dana dala, hau guztia jakinda, burura etorri jatan itauna da, ze zigor edo zehapen ezarten jako eraikinetan inor molestau edo enredau barik gora egiten dauenari? Isunak isun, seguru nago handik goitik bizimodua beste modu baten ikusiko dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!