Jaio.BTX.Hil

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-03-15 00:30

2.000 personaren aurrean (edo barruan) ikasgai ederra zelan emon; antologiazko eta dimensino erraldoidun kontzertu baten kronikea.

2006an, gaurko egunotatik urrun samar, jo eban lehenengoz Berri Txarrak-ek Bartzelonako Razzmatazz aretotzarrean; tenore haretan, Deftones handien hasiera-gonbidadu lez egin eben, ganera. Hori gitxi ez, eta hareen salto musikal potoloenaren garaian bete-betean sartuta egozan, hau da, Jaio.Musika.Hil aroan. Hamahiru urteren ostean, talde nafarraren azken diskoaren —Infrasoinuak deiturakoa— aurkezpen-saioak BCNko aretoa jentez lepo itxi eban. Efemeride bion artean, baina, hamaikatxu urtetako sufrikario, esperantza, behar eta ilusino andanea dago. Lan eskerga horrek, logikoa dan legez, badauka islarik jentearen erantzunetan: show-ak iraun zituan ordu bi pasautxuan Infrasoinuak homonimoko abesti barri freskoek milaka koru, ahots laguntzaile eta moshpit jaso zituan; barriak bai, baina jenteak daborduko ondo ikasiak eta barruratuak ditu kantok. Saioa beste talde frankok eutsi ezin izango leuskion intensidade-maileagaz jarri zan abian. Hirukoa taula ganera igon eta atoan aditu zan Gorka Urbizu taldeko frontman eta alma materraren gitarra-hots grabe iluna, hileta-doinu perfektua bailitzan: Dardararen bat martxan zan; ostean, XXI. mendean oraino errepetidu behar diran arrazakeriaren zein xenofobiaren kontrako doinuek hartu eben aretoa, Zuri eta Infrasoinuak lehergarriakaz. Razzmatazz osoa ados parau zan, bai euskaldunak, bai euskaraz idea zipitzik ez eukienak: Ze azkar ikasi dugun arrazakeria zuritzen. Bartzelonatik mundura; ozenago oihukatu leiteke, argiago, aldiz, ez.

Musikea eta inplikazino soziala esku-eskutik doazala ziurtatuteko, alabaina, kontzertuko momentu hunkigarrienetako batera ailegau ginan: Laia Carbonell-egaz batera, Mikel Laboa maisuaren Assentiré de grat bersionau eben eta, ondoren, jentetzea hankaz gora ipini eban Sols el poble salva al poble-k, Kataluniako egoereari keinutxua eginaz, orobat. Pose barik, ikuslegoari berba gitxi baina pisuzkoak eskainiaz eta kanta arteko gitxieneko tarteakaz, apurka-apurka Izena, izana, ezina, Folklore —Mario Vargas Llosa handiari omenalditxoa eta guzti—, Gure dekadentziaren onenean edo Denak ez du balio moduko kanta mitikoak agertu ziran; tartean, saio honetan agertuko ziranik inork gitxik pentsauko eban abestiak be plazaratu zituen, Dortoken mendean pisutsu-pesimistea nahiz ikusle frankoren begi-niniak lanbrotuta eta kristalduta jarri zituen —jarri eustiezan— Zaldi zauritua nahiz Gelaneuria. Diaspora katalaneko euskaldunek ez eben alperrik galdu euren ahotsak lau haizetara urrututeko paradea, ha azken eguna balitz lez: Kantu batek ireki dizu zauria; egunak amatatuz, hain da zeuria, gelaneuria. Sarritan entzun izan dot kanta batek, ona izango bada, izotza puskatuten daben aizkorearen parekoa izan behar dauela; beste berba batez, min emoten badeutsu eta barrenean klik bat erne, abesti hori zeure egingo dozu eta upelako bidea egingo dau zeuregan: kantu ona izango da.

Gaua amaitu orduko, Oreka famatuaren barruan txertatutako MGMT taldearen Kids-en bersinoaz gozau genduan, kantu baten barruan gordeten dan infrasoinu fin bat lez. Antza danez, album barriak izen horixe entzuteko gauza ez garen soinu danak aldarrikatzeko dauka, inguratzen gaituen baina adituten ez doguzan alarma-hots guztiak plazaratuteko. Ezbairik bage, errealidadearen pertzepzino hori inoz baino gehiago behar dogu eta, horrezaz gan, inoiz baino gehiago entzun behar geukez Berri Txarrak moduko taldeen mezuak; azken horreek ez dira-eta inondik inora infrasoinu hutsalak.

Bartzelonan antxinatik gogoratuten dan sold out txundigarriena egin ostean eta geure bihotzak —beste behin— doinuz eta malkoz josi ondoren, ez litzake inongo zorokeria izango Berri Txarrak euskal eszeneak egundo izandako talderik trinkoena, internazionalena eta, oro har, sendoena dala esatea. Egia esateko, ezinezkoa da talde honen gailurra non dagoan bistaratutea; goia zeregaz joko ete daben asmatutea. Tontor hori Bartzelonan, behintzat, ez dago: inoiz baino sendoago, azkarrago, elektrikoago eta sinisgarriago sonetan dabe. Hurrena Madrileko La Riviera areto kolosalean batukoo gara. Ordura artean, ez daitela haria eten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu