Zeure bizitzako soinu-bandea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-03-07 13:24

Bat-batean, lehen zoratu egiten zituan sexu hutsak deprimidu egiten ditu egun. The times are changing: rockaren play-tik haurtzaindegira.

Hogei urte neukazanean, neska bat Vicenticogaitik itxi neban, Los Fabulosos Cadillacs talde mitikoko abeslariagaitik, hain zuzen bere. Egia esateko, errua neskearena berana izan zan ze, nire hobbie-ak ezagutu gura zituan eta, neurri berean, nire afizinoak alkarbanatu. Horregaitik, Cadillacs handien kontzertuetara lagundutea erabagi eban. Kontua da, neure gustuen ganean zeozer ulertuko ete baleu, ez leukela oinik jarriko leku haretan.

Cadillacs bandakoak famatuak ziran, besteak beste, zuzenekoetan puzkerrak botateagaitik, gazteak akosatearren… kantina bateko mozkor-taldea balitz lez, eta ez rock talde sano konsagradua. Euren jarraitzaileen kontzertuetako dibertsino-bidea alkar jotea, sakatutea eta, giza zurrubilo nahasia sortuz, alkarri txistua, edariak, izotzak, segapotoak eta abar luze bat botatea zan. Gaur egun, barriz, guztiz seguru nago ez nebana bigarren kantara arte aguantauko; baina, aro haretan, demasa irudituten jatan.

Neskeagaz joan nintzan kontzertu haretan, orobat, show-a V Centenario Amerikaren aurkikuntzearen omenezko ereserki mitikoagaz jarri zan abian, kantu haretako esaldirik leunena hijos bastardos de colonias asesinas zala. Neure adiskideetako bat Vicenticogaz kantetan igon eban oholtzara, baina azken horrek ukondokada batez atzera behera bialdu eban. Beste lagun batek, ostera, agertokitik salto egin eta hogeiren bat metro egin zituan jentearen esku-ganean. Eta neu… ni neska-lagunagaz nengoan, azken lerroan gotortuta —inor joten ez dan eremuan—. Berak kontzertuan oso sartua nengoala igarten eban, ganera. Laugarren kantan, ezin izan neutsan barru-sugarrari gehiago eutsi eta neure lagunengana egin neban salto. Neska ha barriro ikusi neban aldi bakarra aidean bueltaka nenbilela izan zan, lurretik pare bat metroko altueran.

Denporeagaz, Vicenticok bakarlari lez ekin eutson bere ibilbide musikalari eta bere musikeak rock, trash, ska zein dub estiloetatik inoz planteauko ez genduan estilora egin eban salto: balada erromantikora. Lehenengo alerta-seinalea Algo contigo deiturakoa izan zan, fan-ek ironiatzat jotearren parkatu eutsien Los Panchos-en boleroa, alegia. Baina, jakina, alarmak bata bestearen ostean etorten hasi ziran: bere abestiak mantsotzen joan ziran eta bere soinua, barriz, doinu nahiz indar aldetik leuntzen. Donauste edota sakrilegio handiena be atoan etorri zan: MTVko gala baten jo eban, Ricky Martinegaz batera. Traidorea! aldarri egiten eben garrasiek neure generazino guztia hartu eben, eta neure lagun zaharrek Vicenticoren diskoak erre zituen, bere musikea arbuiatu eta bere kamisetak zakarrontzira botata.

Neure lagunek —koitaduak—, baina, ez eben erreparatuten, denporeak aurrera egin ahala, eurak bere gorbatadun ofizinista bihurtuten ebizala; astegoienak euren umetxueri ahia emoten igaroten zituela. Oro har, Vicenticok eurak daborduko ez zirana izaten jarraitutea gura eben. Gura barik, behar eben. Euren eretxiz, abeslari baten funtsezko egitekoa oraindino gau osoa agertoki baten aurrean bultzaka eta orroka pasau ahal ebela sentiduarazotea zan; bien artean, hemen, mundu errealean, tripea hazi jaken eta ulea, aldiz, jausi. Dana dala, igaz gauza esanguratsu bana jazo zan: alde batetik, neure lagunetako lau dibortziau egin ziran; bestetik, ordea, Vicenticok bere diskorik kursiena emon eban argitara. Vicentico 5 deritxona hain da biguna nahiz beratza, non Roberto Carlosen, Xuxaren zein Abbaren kanta famatuenaren —The winner takes it all— bersinoak dituan; azken hori, ganera, Pimpinelaren gaztelaniazko itzulpenagaz, alajaina!

Modu berean, neure lagunek —euren dibortzioen ostean— euren buruak atzera hasiera-markagailuan ikusi zituen; hori bai, ordurako ez ziran gazteak, eta ez dira egundo izango. Ezkontzea nerabezaro biren arteko parentesi-esparrutzat jo eben eta orain, barriz, lehen izugarri beteten zituan sexu hutsak deprimidu egiten dituala otu dira. Hori dala-eta, faltan daukie familian armosatea; hori gitxi ez, eta ohea futbol-zelaia baino handi nahiz bakartiagoa subertetan jake.

Oraintsu jaubetu naz hareetako bik Vicentico 5 diskoa erosi dabela, baina ez dirala gauza ha publikoan entzuteko. Urte luzez emakumezkoentzako musikea joten dauen traidore horren kontra txarto esaka eta maiseoan ibili ondoren, orain ezin dabe onartu Vicentico eurakaz batera hazi dan eta euralangoa izatera ausartu dan autore bakarra dala. Halandabe, bakarrik dagozanean —kotxean edo euren mutilzahar apartamentu isiletan gatibu—, Creo que me enamoré entzuten dabe. Eta, bai, negar-anpuluka ibilten dira haren letra malenkoniatsuagaz eta gitarren punteo poperoakaz. Vicentico 5 dutxa luzeetarako errepertorioan bete-betean sartu dabe eta, ez, ez dago diskoari bueltatxua egin bage oheratuko diran gaurik.

Hasikeran, lagun honeek besteen aurrean barregarri ixtea proponidu neban neure kolkorako. Franko pentsau ostean, alabaina, euren —neure— sekretu poperoa isilean gordetea erabagi dot.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu