Gauak joan, gauak etorri
2018-03-03 00:39Euria dago gogor kanpoan. Hamasei urteko alabea ikastolatik bueltau barri da eta ama ezkatzean topau dau plantxan.
Giro epela dago sukaldean, baina kanpoan ez. Ilunduteko gitxi falta da, negua hurreratzen dabilen zantzu. Telebisteak konpainia egiten deutso amari; erabateko isiltasuna baino gurago dau telebistako zalapartea plantxan ibilteko.
Gitxitan legez, alabea mahaiaren bueltan jesarri da meriendea iruntzi asmoz; amak ezin dau gogoratu zer dala-eta atara dan gaia.
—Ama, parranda zalea zinan?
—Gustetan jatan, baina ez nituan larregi egin.
—Jo, ama… ganerako gurasoek euren parrandatako pasadizoak kontetan deutsiez seme-alabei. Halango lekuan zeinen ondo pasetan eben, hango festak mundialak zirala…
Amak ez daki alabeak dinona bere lagunei benetan entzun ete deutsen edo gaztetxuaren irudipen hutsala baino ez dan. Izan bere, uste dau beste behin, bere alabea parrandarako baimena eskatzen dabilela, hau da, onespen bila. Ganera, amak eritxi dau alabeari inork ez deutsola egia osoa esan; egia da badagozala parranda zoragarriak, egundo ahaztuko ez dozuzanak, baina zeharo desatseginak bere egon badagoz, hots, ahaztu gura eta ezin dozuzan horreetakoak.
—Neuk bere badaukadaz parrandetako gomutak!
—Kontau ba!
—Ez daukadaz oso argi akorduan.
Badirudi amak ez daukala horri buruz berba egiteko gogo handiegirik; badaukaz batzuk gogamenean, baina gitxi. Orain orduko esangurea galdu egin dabe, eta inportantea ez dana badirudi atoan ahaztuten dogula. Sano gustora egingo eban berba alabeagaz parranda ofizialetatik kanpoko parranden harira. Honeetaz badaukaz gogoan. Egun seinalaturik bage, jai zehatzetatik kanpo, betiko lekuetatik aparte, jente desbardinagaz… baina horrek beste arratsalde oso bat eskatuten dauenez, hurrengo baterako itxi behar…
—Alegiako jaietako ha kontauko deustazu atzera be?
—Ez ba. Beti gauza bera entzunda zeu ez zara lehenengoan konformauko. Durangoko San Faustoatako gomutak be badaukadaz, Abadiñokoak, Larrabetzuko festatakoak…
—Eta San Ferminak? Maritxu Kajoi?
—Zuk ze uste dozu, orduan orain lez dala? Jaia non, geu han? Batzuk joaten ziran urrunagoko festetara, bai, akorduan dot: furgoneta zaharra hartuta, musikea kotxea errementau beharrean, begi gorri-gorri lanbrotuakaz, bueltarako inongo plan barik… baina gitxi batzuk ziran, ez gaur egunean lez.
—Ez dau emoten oso parranda zalea izan zinanik, zer egingo deutsagu ba! Ni neu, ostera, banaz!
Alabeak ezer esan bage be, amak ondo daki parrandea gustetan jakola. Adina be horretarakoxe aproposa dauka-eta… amak jakin badaki alabeak amagaz antzekotasun hori topau gura dabena. Horrexek bidea erraztu leikio alabeari, babesa emongo eutsalako, gehienbat. Baina amaren gomutak hain dira aspaldikoak… Badaki, baina, bere nerabezaroan inportantea izan zala puntu hori, eta alaberari orain jazoten jakona ez dala beste mundukoa; baina arrasti euritsuko alkarrizketeak grazia egiten deutso.
—Orain egiten dozuzan parrandak munduko azkenak diralakoan? Beti akorduan eukiko dozuzalakoan? Hoberen gogoratuten dana azken egin dana dalakoan nago egunotan…
—Bazenduan koadrila edo pertza ibilten zinan, gaur batzukaz bihar aldamenekoakaz?
Amak ondo ezagututen dau pertza berbearen esanahia; gazteen berbakeran, hain zuzen bere, sano barruratuta dagoala badaki, franko entzuten dau-eta. Era horretako berba piloa entzun deutsoz alabeari —eta hareetako asko eta asko ez ditu oso gogoko—; baina hau, pertza, gustau egiten jako. Kuriosoa deritxo.
—Koadrila edo lagun-talde bateko parte nintzan, jakina. Baina lagunen bategaz bakar-bakarrik ibiltea be gustetan jatan.
—Zelebrea, gero! Argi dago, ama, parranda gitxi eginikoa zara zu!
—Ama hamazortzi urtegaz izan nintzala ahaztu dozu zuk, maitea. Parrandarik handienak zeuri begira pasatako gabetan egin dodaz.
Alabeari beste parranda geratuten jakoz amari bere egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!