Elegantziaz gabizala…

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-03-01 20:24

Zerk egiten dau persona bat elegante? Beste berba batez, zerk bihurtuten dau persona bat gogoangarri? Ez dira galdera bera… ezta?

Elegantea izatea zer dan itaundu deust alabeak. Ez dakit non entzun dauen elegante berbea, erropen iragarkiren baten, seguru asko. Burura etorri jatan lehen irudia dotore jantzitako emakumezko batena izan da; baina otu naz boteprontoan etorri jatan irudi horixe bizitzan zehar ikusi dodazan milaka iragarkiek eragindakoa dala, buruan itsatsita daukadazan Korteinglesaren milaka mezuren ondorio. Izan bere, ondo pentsauta, sano dotore nahiz elegantea izatea ez dago horren estu lotuta jazten doguzan praka, jaka edo gonakaz. Alabeari erantzun bat emon orduko, ostera, neuretzat elegante berbeak benetan daukan esangureaz pentsau dot.

Orduantxe etorri jat gogamenera hileta eleizkizun baten entzundako esaldia: Elegante joan da, esan eban zendu zanaz haren lagun batek. Ez dago argitu beharrik adiskideak ez ebala haren jazkereaz berba egin gura, bizitzan zehar erakutsitako jarrereaz baino. Berbarako, persona elegantea ez da txikikeriakaitik hasarratuten, aldamenekoaren erratak parkatuten daki eta, horrezaz batera, norberanak gainontzekoen aurrean onartuten; persona eleganteak besteak lagunduko ditu, bueltan ezer eskatu eta bere eskuzabaltasunaren publizidaderik egin bage; persona eleganteak berba egiten itxiko deutso aurrean daukanari eta, ez hori bakarrik, harek dinoana aditasunez entzungo dau; persona elegantea gauza da makalik zein txarto pasetan egonagaitik, besteei irrifarretxu bat eragiteko; persona eleganteak ez dau besteakandik txarto esaka ibilteko kirola maite; persona eleganteak zabalik eukiten dau eskua—eta burua, eta bihotza—, eta badaki, ondo jakin be, noz egon behar dauen presente, eta noz desagertu behar dauen eszenatokitik.

Neure ingurura begiratu dot alabeari erantzun orduko. Kaleak jentez lepo dagoz, artaldea nasai-nasai eta anestesiauta: dendetatik sartu eta urten, erosketa-poltsak eskutan. Beherapenak abian dira, antza. Alabeari esan deutsat elegantea zer dan ziur ez dakidala, baina ez daiala egundo sinistu dotorezia edo elegantzia denda baten erosi eta, ostean, plastikozko poltsa baten eroan leitekenik. Ondoren, Zara-ra sartu gara biok, praka barriak behar doguz-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu