Geu, idazleok
2018-02-27 22:41Asko aldatu da idazlea. Jada ez da mundua arbuiatzen dauen izaki matxinoa.
Galdu dau behinolako galtzaile gurea, eta galtzaileen leinukoen harrotasun betierekoa. Ez dau aitaitearen jertsea eroaten, merkadu txikian erositako jaka zaharra, gerrian zabalegia geratuten jakon galtza zantarra. Idazlea asko aldatu da, jada ez dago minduta, ez dauka herrenik, mundua ulertzen dau, eta munduak harek ulertu daian ahalegin biziak egingo ditu. Idazlea vedette bat da, musika pittin bat nahikoa dau jantzan hasteko.
Idazlea ez doa psikiatrarenera, ez dau behar. Zerua ez da itsaso zikin bat. Goizak ez dira untzez betetakoak. Ez dau premineagaitik, ansiedadez idazten. Idaztea ez da bere burua trenbidera botateko bultzadearen kontrako erremedioa. Distiraz idazten dau, genialtasun hutsez, idazteak pasinoz beteten dauelako. Baina ez da alkanfor usaineko intelektual ule koipetsu horreetakoa. Ez zaitu liburu kontuekin aspertuko.
Idazleak jakin badaki gizartean jentetasunez jokatuten. Zelan ez dau ba jakingo: idazlea ez da etxetik urtetean hilkutxatik urtendakoaren itxura kaskarra daukan izaki galdu, despistadu, anakronikoa. Ez deutso modeari nahiz edertasunari muzin egiten. Idazlea gimnasiora joan leiteke, ispiluaren aurrean altzau leikez pisuak, literaturearen merkaduak eskatuten deutsalako zinema izarrak besteko edar eta lerden izan daiten. Baten batek pentsau leike idazlea literatura merkaduaz futitzen dala, are, literatura merkadua dinamitaz lehertuko leukeela, baina ez da halan: idazlea literatura merkaduan bizi da. Han dago, sinple-sinplean. Eta ez dau handik aparte biziteko aukerea begien bistan ikusi gura.
Idazleak, horregaitik, ez dau testua gehiegi maite. Irakurri, zeozertxu irakurten dau, eta, ahal bada, bere idazkerea bainoago, bere irudi soziala aberastuko dauen idazleren baten obrea. Kontua ez dalako irakurtea, irakurri behar dana irakurtea baino. Idazleari, honenbestez, zer irakurri behar dauen esatea gustetan jako, horrek bizitzea erraztuten deutsolako. Irakurtean gozauko dauen ez jako ardura berezirik (ez dau gozauko), plazerra geroago etorriko da, modako idazleakaz modako liburua aitatzeko eta eztabaidatzeko momentuan.
Idazleak ez daki teoria literarioari buruz fitsik, esan dogun lez, irakurteko momentuan beste gauza batzuk egiten ditualako; berbarako, Zarako pitillo tankerako prakak edo Ray-ban markako betaurrekoak erosi, baina horrek ez dau esan gura idazle handien aipuak gogoratzen ez dituanik, aitatu beharreko idazleen aipuak, alegia. Idazleari asko gustetan jakolako bere erudizinoaren bidez idazlea dana nabarmendutea, eta ez, demagun, igeltseroa.
Idaztea, idazlearen bizitzan, marginalia bat da. Jarduera konplementarioa. Plazan agertuteko apaindutea da inportanteena, lagun literario aproposak eukitea edota ekitaldi literarioren baten parte-hartzea, batez be, errezitaldietan, ahal bada sona handiko musikariren batek lagunduta. Sare sozialetan be agertuko da, mundua ez dagion hatz tarteetatik eskapau. Idazlea hor dago, gizartea dagoan lekuan, modernotasun totalitario eta akritikoaren barruan. Agintarien, politikarien zein kirol izarren modura, eguna bere harreman sarea mimoz taiutzen eta aberasten emongo dau, bere amesa dalako sare horrek berak merezidu dauen tokian jarriko dauela.
Eta, idatzi? Inoz idazten ete dau? Beno, ez gaitezan engainau: idaztea ez da inportantea. Estadistika guztiek dinoe inork ez dauela irakurten, ezta? Idazle izatea ez baita idaztea, literatura merkaduak idazle lez saldu leiken figurea antzeztea baino. Eta, antzerkia, ondo dakigu danok, lan gogorra da oso.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!