Tuperretik jatea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-02-26 21:44

Gaur egun praktika normal askoa dan honek badauka beragan bestelango konnotazino sozial nahiz antropologikorik.

Zaborrontziotan danetik dago, bizimodua/ eta bere soberakinak. /Antropologia artxiboan baino gehiago/ humanitateari buruz. (Joseba Sarrionandia, Hilda dago poesia? Pamiela, 2016). Sarrionandiak zaborragaz be poesia egiten dau: poesia ederra, zikina, bakarra eta, zaborra bera lez, momentu baten iruntzi eta botatekoa —baina betiko aztarrenak ixten dituana—. Horren adibide da ebatsi barri deutsadan Zaramologia deiturakoa. Kasu honetan, gure soziologia material eta ideologikoaren hondarrak topetan ditu iurretarrak plastikozko poltsetako hondakinetan.

Neuk, ostera, beste era bateko ontzian jarri dot arretea: tuper famatuan. Zaborrontziak baino txikerragoa izanagaitik, tuperrak be emoten dau irakurketa soziologiko zein antropologikoetarako. Garai baten, beharginek fabriketara eroaten zituen zumitzezko otzarea edo saskia ekarten deust akordura tuperrak: errektangularra izaten zan, tapaduna eta, bodegoia osotuteko, koadrodun eskuzapi zuri-urdina lotzen eutsien heldulekuan; han eroaten eben bazkaritarakoa egun osoa etxetik at emoten eben langileek. Otzara honeekaz lotzen ditu neure gogamenak, langile kantsaduen irudiak: etxera bueltan, fabrika-usaina mahoizko buzoatan itsatsita eukiela.

Otzara proletarioaren ondorengoa edo ordezkoa da egungo tuperra, hau da, lantokira, eskolara nahiz unibersidadera eroaten dan ontzi estalkidun hori. Hasikeran, orain urte batzuk, erdi-klandestinoa (zeozelan esatearren) jazoten zan, bai behintzat gure hurreko lantokietan. Behargin gehienak jangelara joaten ziran artean, eta atondu eben noz edo noz halamoduzko gela bat, jan-edana etxetik eroateko: mahai eta aulki xume batzuk eta mikrouhin-labea. Laster —2007 inguruan— egin eban leher krisi entzutetsuak eta haren ondorioetako bat izan zan, hain zuzen bere, jatekoa etxetik eroaten ebenen kopuru-hazkundea. Harrezkeroztik, indartu zein orokortu egin da jokera hori gizateria guztian. Orokortu edo sistematizau ez diranak, barriz, oturuntzetako menuak eurak dira; izan be, hastapenetako pasteak, arrozak edo entsaladeak puri-purian dirauten arren, testigantza bat edo beste jaso dot lebatza saltsan eta bere txirla eta guzti tuperrean eroan daben nor edo nor badagoala esan deustana.

Dana dala, tuperraren erabilerea zelanbaiteko proletarizazinoaren zantzua da, baina elikadura osasungarriagazko kezkeagaz be badau harremanik; azken horregaz lotuta, tuperrak norberak etxean prantauriko jakiakazko konfidantzea erakusten dau, argi eta garbi. Ez hori bakarrik, badago beste alderdi erantsi bat bere: sozializazinoarena. Orain dala hamarkada batzuk, tuper-erabiltzaileak benetan bakanak ziran, eta sano bereziak subertetan ziran —edozeren aitzindari oro lez—; apur bat isolatuak, zelanbait. Gaur egun, aldiz, ugaritzeagaz, talde izatera be ailegau dira, eta otorduek eurakan daukien harremanetarako aukera hori erabili leikie euren artean.  Holan mikrouhin-labea zein mahaia partekatuteak, denpora-tartetxu bat alkarregaz emoteak, kidetasuna sustatzen dabe.

Alkarregaz jatea soziabilidadea zein bardintasuna adierazoteko bitarteko unibersal bat da esan eban Eduard Antonio Maury Sintjagok (Ritos de comensalidad y espacialidad. Un análisis antropo-semiótico de la alimentación. Gaceta de Antropología, 2010). Herri honetan ondotxu dakigu jatea elikatzea bakarrik ez dana; jateak konnotazino sozialak eta erritualak be badituana. Jakin badakigu, orobat, jan-edana alkarregaz partekatuteak zelango esangurea daukan. Badirudi —eta eskerrak!— tuperrak bere ez dituala jakintza nahiz jokamolde horreek behingoan galazoko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu