Dibortzioa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-02-22 13:48

Maite zindudazala uste zenduan, baina ez zan halan: desio zindudazan. Hori bai. Zure esentzia barruraino sartuteak plazerra eragiten eustan.

Ez zindudazan preminazkoa, ez, baina, dana dala, behar zindudazala irudituten jatan. Zeu bage egun bi lasai igaroteko kapaz nintzan; baina estutasun, urduritasun edo aldarte ezegonkorrean sentiduten nintzan aldiro, zeuregana joten neban. Zeu zintudan gozagai, zeu zintudan babesleku.

Promesa nahiz apostu batek izorratuko zaituala sinistuta nabil; neure buruari gogor egiterakoan, are gogorrago egiten deutsut zuri. Baina, batzuetan, ni neu baino indartsuagoa zara, madarikatu hori! Nire esku artean estutu eta ezpanakaz laztandu gura izaten zaitut behin baino gehiagotan. Baina urte hasikereak eta bezperan eragiten zeunstan damu zein minak berba emondakoa gomutarazoten deustie aldiro-aldiro, eta ez zatxatazala komenidu esaten deust barrenak. Zureganako urruntze-legea be onartu zan. Eroso nahiz gustora sentiduten nintzan lekuetara sartuteko debekua jarri jatzun, baina kanpoan itxaroten zeunstan. Jeloskor hutsa zara, ostera, beti zugaz olgetea gura, tartean inor nahastau barik, eta zure antzeko rubioei uko egiten derrigortuten ninduzun. Lotsabako halangoa!

Ez zaitut gehiago ikusi gura, baina jakin badakit hori ezinezkoa dana. Ikusten zaitudan bakotxean arnasea sakon hartu eta beste aldera begiratuko dot. Gozoki batek ordezkatuko dau zeuk itxiniko gusto mingotsa. Bihotzak franko eskertuko deust zugandik urrundu izana, holan birikek zein partikerek, are gehiago. Sutu egiten nauzu, baina ez zaitut sutuko. Egizu zerorrek zeure buruaz beste nireak ez diran ezpanetan. Gaztetxuak zirikatuten jarraituko dozu, baina neu daborduko heldua naz, eta ez zaitut gehiagotan helduko. Agur, Lucky!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu