Tradizinoaren lotsa gorria

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-02-19 19:53

Tradizinoaren izenean ablazinoa proponiduten daben guztientzat.

Baltza zuria eta gorria dira alardearen parajean jaun eta jaube. Baltzak dira plastikoak —baltzagoak, oraindino, bi metro eta erdiko altuerakoak—; baltzak dira, modu berean, betiko alardea aldarrikatzen dabenen kartelak; baltzak, baita emakumezkoak ziztatzeko erabilitako puntadun aterkiak be; ez horreek bakarrik, baita ertzainen uniformeak be. Horreez guztiez gan, baltz-baltzak dira (baltzenak, akaso) batzuen begirada zorrotz bezain zitalak. Bestalde, prakak benetan zuriak dira; arpegia erakusteko adorerik ez dabenen katamaloak be zuri-zuriak dira; zurienak, baina, agintarien berbak dira, zalantza bage. Gorriak dira, ostera, desfiletan dabenen txapelak, ertzainen kasko biribil eta distiratsuak, ostikadaz jositako hankak, orotariko burlak eta, zelan ez, mina. Ez horreek bakarrik, gorria da batzuek sentidu beharko leukien lotsea.

Kakahutsa, marimarkesea, kaikua, putzontzia, putea eta abar akabubako bat. Horreek danak eta gehiago entzun behar izan ditu emakumezkoak aldaketa bat egin gura —edo behar— izan dauen bakotxean: izan prakak jaztea, kotxea gidatzea, goi-mailako ikasketak egitea, senarraren baimen barik kontu korronte bat edegitea, behar egitea, bozkatzea, abortatea…

Andra-ustela, eperdi-frontoia, maripuzkerra, mokordo-zikina, marikakatia, pottoberoa, kakazorroa, putea eta abar akabubako bat. Horreek danak eta gehiago entzun behar izan zituen 1993. urtean Hondarribiako alardean desfilau gura izan eben emakumezkoek, edo 1997an Jaizkibel konpainia mistoan soldadu lez parte hartu ebenek.

Baina ez daigun aditza iragan-denporan ibili: gaur egun be, oraindino be entzun behar ditue; baten batzuek oihukatuten deutsiez. Txirula soinu, txalo zaparrada eta aupa neskak! kemen garrasiak lausotu egiten ditue ertzainen eskolteak zein plastiko baltzen atzean izkutatuten diran irain, ostikada, bultzada nahiz zangotrabatzeen oihartzunak; gehiago isiltzen ditue, baina, agintarien geldotasun astunak eta bardintasun- zein justizia-ezak.

Tradizinoaren izenean ablazinoa, burkea, txirrindulari karreretako podium-azafatak, betiko alardea eta beste hamaikatxu burubakokeria defendiduten dituen horreek dira emakumearen kontrako hiztegi naroa darabilenak. Baltza, zuria eta gorria dira alardearen parajean nagusi, baina gorriena tradizinoari darion hatsa da: auzo lotsa gorria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu