Bonbak baino ez
2018-02-14 15:48Ze alde dago bonbak ipintearen eta bonbardetearen artean? Erraz askoa da: bonbak persona maltzurrek jarten ditue; bonbak jaurti, ostera, persona zintzoen abioietatik egiten dira.
Loria bardintsua lortzeko, maltzurrek zein zintzoek oso bidezidor desbardinak urratu ditue, baina. Zintzoak, loaldi sakon eta erreparatzaile baten ostean, ohetik jagi eta goiz argitsua begitantzen dabe. Ondoren, ogi txigortuzko tostadak, laranja-ura zein etxeko kafe egin barria armosaten dabe, euren seme-alabak —eskolara joateko unea ailegauta— agurtu, sehaskan gozo-gozo lotan geratuko dan umetxua besotan hartu eta, behin ganoraz afeitau eta jantzita, arpegi nasai nahiz alaiagaz euren emazteari mosu luze bat emoten deutsie etxeko etartean. Holan, Gobernuaren bulegoetara beharrera doaz batzuk; besteak, barriz, arma-faktorietara.
Estaduaren enpresa eta instituzino horreetan, onak balore erraldoien zein berba sakratuen artean mobiduten dira —hitzok haize-min hutsalak izango ziran, hareen atzean kanoiak, misilak edota bonbaketariak ez balegoz—. Bakotxak bere egitekoa egoki bete dau; ondo ordainduta, hori bai. Diru horrexegaz beteko dabe egunean-eguneango janari-otzarea, horrexegaz eroango dabe familia osoa domekero erreka bazterrera, arrankaritan. Beste aldean, aldiz, persona maltzurrek gau horrexetan bertan amesgaizto baten pean lo egin behar izan dabe, ohantze kirastun baten uzkurtuta. Goizean, telefono dei batek izarri ditu, uriaren kanpoaldeko etxe-soto baten hareen pareko beste izaki gautar batzukaz batu daitezan. Zulo zikin horretara sartzeko pasahitza be entzun dabe dei malapartatu horretan. Jakin badakie ganerako izaki gautarrak, eurak lez, karrikatako karteletan agiri dirala, busca y captura deiturapean. Inpernuko sotoan, substantzia lehergarriak bidoi batzuetan nahastetako hautua daukie, edo osturiko auto bat, torlojuz eta betegarriz lepo-lepo eginda dagoana, goitik behera eta ezker-eskuma dinamitaz betetekoa. Baina danek daukie euren burua leku berberean zulatua eta begiak, modu berean, itsututa. Garunean zehar sakon egindako zulo horretan, hain zuzen bere, kanpai neumatiko bat bailitzan, modu obsesiboan aditzen ditue beti entzun ohi dituen ahotsak: ahots argiak dira, profetikoak. Eurak guztiak redentoreak eta ameslariak dirala esaten deutsie ahotsek; askatzaileak eta begitazinodunak.
Bai zintzoen, bai maltzurren esfortzuen emoitzak dezente antzekoak izan ohi dira: bi multzoenak odol-potzu lausoetan amaituten dira. Egun berean, egungo arte kontzeptualaren modelo dan zehaztapen handiko hegazkin-bonbaketari batek ospitale zein eskola baten kontra bonbak gura barik botaten dituan neurrian, itxura dekadentedun bonba-auto batek azoka popular baten leher egiten dau. Bakotxak norberaren idealak egoki bete ostean, eta bakotxak bere bidetik tiraka odol berberez osotutako harategi anbibalentea sortu ondoren, maltzurrak sagu-zulora bueltetan dira; bertan, buruturiko misio arrakastatsua bildots klandestinoa janaz eta xanpain-botila frantses edota Errioxa ardao espainola edanaz ospatuten dabe. Pertsona zintzoek, alabaina, desfileak kaleratuten eta dominak jasoten ditue. Orduantxe, aberria goraipatuteari ekiten deutsie, adorez eta zuzen-zuzen jarrita. Beharra amaituta, etxera bueltetan dira eta euren emazteari umetxuak kakarik egin dauen itauntzen deutsie, garagardao-lata freskoa eskutan. Maltzurrek bonba bat jarri dabe, zintzoek bonbardeau baino ez dabe egin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!