Igongailuan

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-02-10 17:38

Igongailuan geratu naz, urten ezinik, atea zarratu egin da eta kitto, ezin urten. Seguru nor edo nor agudo etorriko dala eta urten ahal izango nazena, pentsau dot. Baina denporea aurrera doa eta ez dator inor. Ez dakit ze ordu dan.

Halango baten, igongailua mobidu egin da; gorantza doala dirudi. Atea edegi eta 5. pisuan gizonezko bat sartu da. Bildurtu egin naz eta hegan egin dot. Gizonezkoa, barriz, espantuka hasi da ni uxatu guran, eta argiteria babesten daben apaingarriaren atzean ezkutatu naz. Behera jatsi garenean, ostera, atea edegi dau; baina hegaz hasi orduko, atzera besoak mobiduten hasi da eta ezinezkoa izan jat igogailutik urtetea. Arnasestu baten geratu naz.

Berehala, igongailua gorantza doala barruntau dot, eta 3. pisuan mutiko gazte bat sartu da. Arineketan, atea zarratu orduko handik pasetan saiatu naz baina bere arpegi paretik pasau nazenean, koardernoagaz joten saiatu da eta nire hegaldiaren noranzkoa aldatu egin behar izan dot, argiteriaren atzean ezkutatuz. Mutikoa hanka puntetan jarri eta koadernoagaz ni handixik atera eragiten saiatu da; dana dala, gogor eutsi deutsat neure ezkutalekuari. Igongailua behera heldu, eta prest nengoan atea edegi orduko handik urteteko, baina mutikoa ni baino bizkorragoa izan da eta nire mustur parean zarratu dau, mihina ataraz ganera.

Igongailua martxan jarri dan hirugarrenean, aldiz, bide laburra egin dau. Lehenengo pisuan atea edegi, eta gizon morrosko bat bistaratu da atearen aurrean. Bere gorputz gizenak atearen espazio osoa beteten dau eta ez dago handik urteteko zirrikiturik. Begien aurrean ikusi nau buelta-bueltaka eta igongailura sartu barik, ezustean atea zarratu dau. Guztiz harrituta geratu naz; ze demontre! pentsau dot. Itsumustuan atea edegi da eta han azaldu da atzera, katamalo bat arpegian eta euliak hilteko esprai bat astinduz. Bere hanka nahiz beso tartetik pasetan ahalegindu naz, baina ezinezkoa izan jat: bere okeleak izkina danak estaltzen ditu. Deabruak hartuta balego lez, espraia hustu egin dau, dan-dana kutsatu dau. Goitik behera zein ezker-eskuma busti nau eta hegoak indarraren indarrez eragin dodazan arren, blai eginda dagoz eta itsatsita geratu jataz. Lurrean luze etzanda geratu naz, hankaz gora. Gizona, ostera, belauniko jarri eta niregana hurreratu da. Sabaiko argiak zeharo itsutu nau eta maskarearen bestaldean begi itzel bi baino ez jakozan ikusten eta, hareetan islauta, ni neu. Bat-batean, bortxatu egingo ete nauen pasau jat burutik eta samea urratuteraino egin dot garrasi.

Medikua ikaratu egin da. maskarea aho paretik kendu eta ebakuntzea ondo joan dala esan deust. Lasai egoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu