Neure semeari
2018-02-05 20:56Egundo jaio bako herriaren ganeko gutuna, egundo jaio bako seme-alabei idatzitakoa.
Zuri, egundo ekarri ez zaitudan semeari, edo inoz euki ez dodan alaba horri, idatzi gura deutsut gutun hau. Ez dot mineriarik sentiduten zeure ausentziagaitik, ezta errurik be, gogo-betetasun indartsu bat baino, izan bere, existiduten ez danaren aurrean sormenak bere irudikatze-lana egiteko baldintzarik onenak topetan ditu, eta lilura horren morroi nauka, aspaldidanik, biziteak.
Zeuok lez, inoz existentziara ekarri ez dogun lurralde bat, egundo euki ez dogun herrialde bat aurkeztu gura deutsuet: Euskal Herria. Jaio bazinie, bere alde egin beharko zeunkie burrukan, beharbada; edo, akaso, burrukan egiten dabenei begira ondo bizi besterik ez zenduen egin beharko, gehientsuenek egiten daben neurrian.
Izan be, jakin behar dozue izakiok barrena nahiz kanpoa doguzan antzean, mamina eta hazurrak daukaguzan moduan, itxurea zein nortasuna bereizten jakuzan lez, nazinoek be osogarri bi izaten dituela euren egitura organikoan: barruko-ehundurea eta kanpoko hazurdurea. Barruko-ehundurea gauza frankok osotuten dabe: kultura propioak, literatureak, hizkuntzeak, jantzeak, antropologiak, ohitura sozial zein gastronomikoek, geure buruari deutsagun errespetuak, atzerrikoagaz daukagun jarrereak, eta abar. Kanpoko hazurdurea, ostera, ez da herri batek daukan egitura politikoa besterik: zelan antolatua daukan bere gobernua, non kokatua daukan bere poterea eta potere hori gestionetako bere aukerak norainokoak diran.
Barruko-oihala landutea —bere izenak dinoan lez—, bakotxaren beharra da, hots, pertsonala, etxekoa, eta ez dau dirurik emoten (normalean). Kanpo-hazurdurea atondutea, barriz, politikoen beharra da; soziala da eta askori dirua emoten deutse… dirutzea, egia esan. Urte askoan, euskaldunen kemenak kanpo-egitura hori jasotera emonak izan dira, eta, gaur egun, ez da bestelangorik aditzen hedabideetan.
Jente batek negozio itzelak egin ditu atxakia horrexegaz; beste ugarik, baina, sufrimenduaren besarkadea baino ez dabe ezagutu. Eta gehien-gehienek, aldiz, uko egin deutsie barruko-egiturea osotuteko ezinbestekoa dan euren lan intimoari: ez dabe euskerea ezagutzen, ez dabe ikasi gura, ez dabe euskal liburu zein egunkaririk irakurten, ez dabe geure kantaririk ezagutzen, ez dakie geure eskulturagile bakar baten izen-deiturarik, euren historiari muzin egiten deutsie (edo, are eskasago, historia distorsionau eta erratak errepetidu besterik ez ditue egiten), euren erroak ahaztuten ditue, alkarren arteko lotura sareak zalantzan jarteko ez dira gauza, eskema zurrun-finkoetan uzkur dagoz… analfabeto-aldra motz batek hartu dau barruko-oihala osotu behar leuken eremu ustez naroa eta aberatsa. Zelan ahaztu, berbarako, herrigintzea etsai politikoaren hizkuntzan egiten daben horreek. Tristea, zinez.
Horrexelangoa da, seme kuttun eta alaba laztan jaiobako hori, euskaldunok, zeozelan aberriaren sortzaile eskasak izaki, egundo euki ez dogun Euskal Herria deituriko nazino jaiobako hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!