Pentsauezinak gorpuzten
2018-02-01 12:32Ames batek, bizimodu batek edo, are gehiago, mendi batek kendu leikezanak.
Neure buruari galdetzen deutsat ia zer sentidu behar dan Himalayako mendi-zulo baten galdua eta mobidu ezinik zagozanean. Era berean, behin eta barriro itauntzen deutsat ze burutapen etorri behar jatzuzan gogamenera zeure barruan betiko han geratuko zarela jakin dakizunean, eta zeure bila ez dala inor agertuko. Ez dot, baina, erantzunik topetan.
Horrezaz gan, bere senarra etxeko atarira gerturatuten inoz ikusiko ez dabela uste dauen emazteak ze igarriko dauen bere imaginau gura neuke. Ez hori bakarrik, euren hiru seme-alaba gaztetxueri euren aita atzera egundo ikusiko ez dabela zelan kontau irudikatu gura neuke. Bestalde, zer pentsauko ete dau tabernako barran garagardotxu banagaz astea biribilduteko barikuro-barikuro lagunari itxaroten deutsen adiskideek? Han goian ez dago zerbezarik, ez dago etxeko ataririk, ezta tabernarik be. Ze pasauko jakon burutik Eliabeth Révol-i, bera erreskatau ahal izan ebela baina Tomasz betiko mendian -eta mendiak- ehortzita geratuko zala konturatukeran? Eta erreskate-taldekoek? Hareek ze amorru, egonezin eta frustrazino sentiduko eben gizon bat mendian geldiro-geldiro hilten itxi behar ebela ikusterakoan?
Zelan erreakzionauko dau orain nor entrenau ez daukan prestatzaileak? Are gehiago, zeinen psikologo eta konfesore beharrak egingo ditu? Harago joanda, nork eutsiko deutso seme kuttuna gorantza igon baina inoz jaitsiko ezaren pisua bere amari? Zelan esan esan bakoak? Zelan planteau berak orain behin eta barriro mendi-bizitzea behingoz ixteko gomendaurikoak? Mendi-bizitzea itxi barik, mendi-bizitzeak itxi dau bera. Amesak mutur-muturrera nahiz modu perfektuan eroatearen ondorio da galera hau, zeozer izatekotan. Hain urrun, non inork ezin deutson ezer kendu, bardindu edota eztabaidatu; hain urrun, non inork ezin dauen salbau.
Amaitzeko, zer esango ete dau mendiak, bere bizkarretan horrenbeste hilotz, familia apurtu eta malko dituan neurrian? Mendiak dinoana argitzea geuretzat asmauezina dala esango dot; baina pentsauezinagoa da, ostera, aitatutako persona horreek guztiek ze sentiduko daben.
Goian bego, Tomasz Mackiewicz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!