Ulertzen gatxa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-01-29 21:25

Mundua toki bitxia da esan eban kantari oñatiarrak; eta halantxerik da, bai.

Itziarrek geroz eta konfiantza gitxiago dau gizakiakan; gizarteaz daukan eretxia geroz eta penagarriagoa da. Tabako-denda bateko saltzailea da, eta inguruari ostikadaka hasteko gogoa izaten dau bezeroren batek makina bat balitz lez berba egiten deutsanean. Sartu eta Ducados esaten deutsienean, berbarako, holan, zuzen-zuzenean, aurretik egunon, arratsaldeon edo mesedez moduko leungarririk bage. Paketea emoterakoan, makina baten ahotsa erabiliz, su tabaco, gracias erantzuteko gogoa izaten dau sarritan. Eta, benetan gatx egiten jako ulertzea, baina hasarre dagoan egun horreetan bere, erakusleihotik ikusi leikezan parkeko arboletako orri horituetan eguzkiak joten baldin badau, errainuakaz udagoieneko koloreak zelan isiotuten diran ikusteko paradea izaten badau, bapatean, mundua leku zoragarria dala pentsau, eta pozarren sentiduten da, paketan. Ostikadaka hasteko gogoa mantsotu egiten jako.

Jonek, armosau bitartean eguneko barriak irakurri eta askotan pentsetan dau mundu honek ez daukala salbazinorik: adin txikiko neska bat bortxatu dabela leidu dau, zenbait politikarik diru publikoa erabili dabela prostituten zerbitzuak erosteko (eta, bien bitartean, urdanga edo emagalduen insertzinorako plan estrategikoak proponidu, izenak eraldatuta zeozer aldatuko balitz lez...), eta Afrika aldean jentea ebolaz hilten dabilela, geuri hemen gaixotasuna bertaratzeko arriskuak baino kezkatzen ez gaituan neurrian. Eta, gatx egiten jako ulertzea, baina Jonek -pesimismo antropologikoa geroz eta barruratuago baldin badauka be- gaur negar egin dau telebisteari begira, gaixotasun arraro bat daukan ume bati lagunduteko, bizilagunek dirua batzeko egin dabena ikusita.

Idoiak, makal eta nazkatuta, inguruan kaskarkeria zein kulturarik eza besterik ez dau ikusten. Autobusera salto egin eta han dagozanetatik frankok Mikel Laboa nahiz Maialen Lujanbio nor diran idearik bere ez dabela izango pentsau dau. Baina, halandabe, autobusetik bajatu, emozionau egin da, kalean gitarrea joten eta kantetan dagoan neska baten urregorrizko ahotsa azaletik sartuten sentidu dauenean. Orduan, danak merezidu dauela ondorioztatu dau; ulertzen gatxa egiten baldin bajako be. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu