Sagarrak
2018-01-23 12:57Giza-inteligentzia hiru sagarren inguruan mobidu izan da -era sinbolikoan- historian zehar.
Lehenengo, sugeak -ustez, behintzat- Evari eskaini eutsan sagarra izan zan. Ongiaren eta txarraren zientziako frutua jaten badozue, jainkoen parekoak izango zarie. Hebreerazko testu originala grekotik latinerako hamaikatxu itzulpenetatik bahetukeran apurka-apurka aizuntzen, faltsutzen eta eraldatuten joan zan. Paradisuko sugeak Evari jakituriarako proposamena egin eutsala uste da. Hori bai, usteak erdia ustel, baita sagarrak bere. Kristinautasunak, baina, sagarraren adikera erratua hartu eban. Latinez malum lez ezagututen danari, pekatuaren esangurea egotzi eutsan, hizkera originalean modu positibo eta askatzaile legez erakusten zan arren. Erlijino katolikoak paradisuaren galerea zigor edota gaztigu eredugarria lez interpretetan jarraitu izan dau, beti be eboluzinoaren teoriaren aurrean.
Bigarren sagarra, tradizinoaren arabera, Sir Isaac Newton-i burura jausi eta, ondorioz, grabedadearen teoria -fisika modernoaren giltzarrietako bat- garatutera gidatu ebana da, hain zuzen bere. Teoria hori da, espazio-zunda bat, 5.000 miloe kilometro egin ostean, Plutonera ailegau izanaren erantzuleetako bat.
Hirugarren sagarrak, bestalde, geure mendeko -zein milurteko- enpresarik inportanteenaren lehendakaritzea eta irudia dau beragan. Apple-k harrotasun osoz erakusten dau mundu mailan ezaguna dan bere logoa: haginkada txiki bat daukan sagarra, non beronen esangureak, barriro bere, jakituriak ahalbideratuten dauen liberazinoa erakusten dauen.
Hiru zutabeok aintzat izanda, zelan ez hasarratu PPk inponidu eta ezarri gura dauen hezkuntza-sistema burubako eta atzerakoiagaz? Denporea da Wert jauna joan zala -eta eskerrak-, baina badirudi orain hezkuntzearen auziaren oihartzuna eta garrantzia, zelan edo halan, apaldu egin dirala. Madriletik datorren edukazino-ereduak fisikearen zein informatikearen sagarrak paradisukoaren parean kokatzea dau bide. Azken hori, alabaina, kontakizun magiko baten frutua baino ez da, inteligentziaren erruaren paradigma modukoa, gatx guztien abiapuntua. Erlijinoaren irakaskuntzea arlo mesedetu (edo aprobetxadu) legez inponiduteak Evaren lekua Newtonen edo Alan Turing ordenagailu barrien aitaren pare-parean jarten dau. Mitoa aurrerabidearen mailan. Gaur, sugeak ikasleei hauxe esango eutsen: Madrilgo soloetako sagar honexeri haginka egiten badeutsazue, ez zarie jainkoen parekoak izango. Zientziaren paradisutik halabeharrez erbesteratu egingo zaitue eta zeuon garunek superstizinoak barrua janda eta manipulauta jarraituko dabe betiko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!