Hilten dakiana
2018-01-20 18:33Asko mirestu izan dot beti hilten dakien jentea, hilteko ikaraz bizi diran kristinau oilobustien aldean. Hilten dakiena jakintsua da, biziten jakin dauen seinale. Bizitearen ezaugarri bat baino ez da heriotzea.
Laurogeita hamasei urte zituala, itsututa eta monasterioan deus egiteko gauza ez, Yamamoto Gempo Roshi maisuak hilteko ordua heldu zala erabagi eban, eta jateari itxi eutsan. Ikasleek zergaitik ez eban jan gura itaundu eutsienean, erantzun eutsen esanaz behar baino gehiago biziten ebilela eta arazoak sortzen eutsiezala guztiei. Arrapostu eutsien: Baina, maisu, urtarrilean gagoz, jente guztia hotzak jota egongo da zeure hiletan, eta hori bai izango dala benetako eragozpena hareentzako. Jan eizu, mesedez!. Jaten hasi zan, baina eguraldia epeltzen hasi zanean, atzera jatekoa itxi eta paketan hil zan.
1771n, Emanuel Swedenborg teologo suediarrak bereak laster baten egin behar ebala atzemon eban. Eguna bere esan eutsien bere estudianteei. Azken bidaia egin eban Stockholm-tik Londresera; eta martiaren 29an, arrastiko bostetan, siesta luze baten ostean izartu zan. Aldamenean eukazan neskame bi eta ikasle bi. Bostak al dira daborduko?, galdetu eutsien. Baietz. Heldu da ordua, beraz. Eskerrik asko zeuon laguntzinoagaitik. Jaungoikoak benedika zatzatela!, eta lipar haretantxe joan zan.
Ernesto Cardenalek kontetan dau: Aste Santua zan Solentinameko monasterioan. Eguazten santuan, 60 fraide zeroazan kide baten agoni-kanpaiak jo zituen. Fraide danak bere gelatik pasau ziran banan-banan, ha agurtuteko. Abadeak esan eutsan egun hartan hilten ez bazan, osteko hiru egun santuetan bere ez hilteko, ezingo eutsielako hileta eleizkizunik egin. Arauak halantxerik dira. Berbok kontuan hartuta, fraide zaharrak hilzorian segidu ei eban. Zapatuan, Pazko gauerdian, Jesusen berpizkundea ospatuteko mezea hasi baino lau minutu arinago hil zan. Hortaz, euki eban, koitaduak, bere hileta eleizkizuna.
1977an, Bob Marley Estadu Batuetara joan zan amari bisitea egin asmoz. Han, hiru lagunegaz batu eta, jausitako enbor baten ganean jarrita, esan eutsen hogeita hamasei urtegaz joango zala. Adiskideek agirika egin eutsien: Ospetsua zara, diru franko irabazi dozu, zer dala eta hil gura dozu hain gazterik?. Hogeita hamabi urte zituan. 1981eko zezeilean hogeita hamasei urte bete zituan. Maiatzean hil zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!