Kromatismoa definiduten

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-01-17 14:40

Zer da aintzat hartzen doguna koloreei esanahi bat edo beste egozterako orduan? Zer dala eta identifiketan doguz kolore jakin batzuk egoera edo sentipen zehatz batzukaz?

Britainia Handian bizi diran uritar ingeles-hiztunek astegoien bero zein ondo aprobetxautakoaren osteko astelehen latzari blue monday deitzen deutse. Deitura berbera dauka New Order tekno-house talde mitikoaren single entzutetsuenak. Ez dakigu, baina, taldeko kideek kanta ha horren oparo eta normal asko konsumiduten zituen pipula eta alkohol dosien ostean sortuko ete eben. Kontua zera da, astelehen ilun eta gogaikarri bat erakustea bilatzen ebela. Geurean, era horretakoak astelehen buruzuria lez bataiatuten doguz -zuria kolorea zuzenean zeozer negatibotzat joz-. 

Guzur inuzente edota garrantzirik bakoak errepresentetako, ostera, white lie ibilten ei dabe. Hara hemen, beraz, zuriarentzako beste konnotazino barri bat: negatiboa ez eze, inuzentea bere bai. Bestalde, sexuagaz eta pornografiagaz loturea daben elementuei be, kolore urdina egozten deutso jente anglosaxoiak. Gauzak holan, blue film, blue magazine nahiz blue man erabilten ditue, geuk agure berdea, pelikula berdea edota aldizkari berdea ibilten doguzan artean. Dana dala, ez dot uste esangura pornografikodun zeozer pentsaukeran kolore gorri indartsua edota larrosea bururatuten jakon bakarra nazenik. Ozeanoaren beste ertzean, alabaina, larrosea edo pink diran gauzak umeen zorokeriak zein irudimenaren esparrukoak dira. Umeen kontuari helduaz, ganera, zer esanik ez mutilei ezarri jaken kolore urdinaz eta neskentzako larrosaz. Kuriosoa, benetan, koloreen mundu hau.

Laranjea beti izan da Pirinioen kolorea, batez be, uda sasoian. Orain, orobat, aspaldi zimeldutako ames hori erabarritu egingo dala emoten dau. Kirolaren gaiari apur bat gehiago tira egin ezkero, beilegia beti da arriskuaren seinale edo erakusle; bandera horia baldin badago, kontuz itsasoan. Semaforoa argi beilegiz badago, prest egon azeleragailua sendo sakatzeko. Txartel beilegia ikusten badozu, argi ibili, hurrengo abagunean kanpora joan zintekez eta. Gorria, aldiz, jokoa amaitu dalako -edo oraindino hasi ez dalako- seinale: Bandera gorriagaz bainurik ez. Semaforo gorriagaz, oraindino ez dozu zertan azeleragailuan pentsau. Eta, jakina, kartulina gorriagaz, amaitu jatzu jokoa. 

Morea beti izango da emakumezkoen aldeko ereserki-kolorea. Berdea, barriz, naturearen defendatzaile sutsuena. Beixa giza-okelearena dala esango dogu; umeen marrazkitxuatan, beixaz aparte, larrosatik laranjaraino doan kolore andanea ikusi leitekezan arren. Baltza gauarena da, zeozerena izatekotan. Hori bai, bardin deutso gauetan egunez baino argitasun handiagoa sentiduten badozu... koloreek agintzen dabe hemen. Ez hori bakarrik, koloreak nahastea pentsetan badogu, argi ibili, izan be, Kataluniako eta Espainiako banderek kolore berberak ditue eta, horreez gan, baita Erresuma Batuko zein AEBkoek bere. Erlijinoak, barriz, kolore zuria zerurako bidea dala adierazoko dau, bai bizikiro adierazo bere. Ez dau ezelan be onartuko, ostera, bere izenean jardundako inkisizinoak iziotutako suaren eta isurariazotako odolaren kolorea gorria zala, gorri-gorria ganera. Era berean, harentzako gorria da, zelan ez, inpernurako galbidea. Marroia kakarena izan ohi da beti. Bestela, atera kontuak eta erreparau arazo itzel batean sartuta gagozanean esaten doguzanei: kaka zaharra!, hau da hau marroia!, eta parekoak. Lehen aitatu lez, kuriosoa, benetan, koloreen mundu hau.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu