Borraskeak takoiak jantzi ditu

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-01-13 15:02

Zeruan euria egingo dauela ikusi eta, aldi berean, telebistan gizonezkoen eta emakumezkoen urteko soldaten baturen arteko aldea 7500 eurokoa dala entzun dodan unean gogora etorri jatazanak.

Zentzunik bakoa deritxot euri, txingor, izotz eta lainoz beteriko Euskal Herriko eguraldiaren mapearen aurrean, mauka bako kamisetea jantzita daroan emakumezko aurkezle bat ikusteari. Zentzunik bakoa deritxot, ganera, hurrengo egunean, eguraldi bardintsuagaz, bakero, amerikana eta negurako zapataz jantzitako gizonezko aurkezle bat ikusi beharrari. Larria emoten deust eguraldia aurkezten dauen andrazkoak, liraina izateaz gan, derrigorrez takoiak eroan behar izateak, eta ezpanak gorriz margotuteak dana dalako aroa dala.

Zentzunik bakotzat dot eguraldiaren aurkezpenean be, emakumearen kontrako indarkeria hain begi bistakoa izatea, baina itxuraz horrenbeste eguzkik itsutu egiten gaituela. Urko Aristik soinean eroan ohi dauen erroparik ausartena panazko amerikana bat izanda be, bardin-bardin jarraitu deutsegu, adi asko ganera, bere iragarpenei. Baina katiuskeak janzteko moduko eguraldi motela iragarri behar badau be, Ana Urrutiak derrigor jantzi behar ditu takoiak, galtza pitillo mehar horreekaz eperdi biribil eta tentea erakusteko, audientzia eta eperdi biribil eta tenteak proportzionalak izango bailiran. Batzuetan igarri egiten jako, neuk uste: nazka-nazka egina dagoala hainbeste takoigaz, janztera behartu daben modelitoagaz mozorrotuta sentiduten dala, arrotz eta puta. Puta, bere pentsakerea prostituitzeagaitik, amore emoteagaitik, Andoni Aizpururi horren eskas emoten deutsien praka horreexek sano gustora jantziko zituan arren, minigonea jantzi dauelako gaur bere. Eta ezpanak gorriz margoztu.

Neuk, behintzat, ezingo neuke eguraldiaren aurkezle izan: egundo ez neukez horretarako takoiak jantziko. Maukarik bako kamiseteaz antizikloiak aurkeztu ahal izateko, besoetako uleak garbitzen behartuko eustien, eta hori bere ez neuke egingo. Eta, ganera, metro eta erdi pasako altuerea zein 60 bat kilo pisauta, jakin badakit inoz ez nabela eguraldiaren aurkezle lez hautatuko. Urko Aristi, ostera, bai. Ha ez dakit zelan hartu daben, deabruagaz, Maite Iturbe zuzendariagaz eta eguraldi saioaren babesle dan Ura batzordeagaz -hain zuzen, bera presidente dan batzordeagaz- zelango tratua egin ete daben. Baina emakumezkoa izanda, barriz, ez: balea-eme batek, izan be, ezin dau Euskal Herriko eguraldi ederraren irudi bihurtu, takoiak jantzi eta, pinpirin, ezpanak gorriz margoztuteko prest badago be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu