Galtzaileen kluba

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-01-10 12:47

Sarritan, eretxi publikoak garaipenez eta porrotez baino ulertzen ez dauela emoten dau. Baina, zer gertatzen da tartekoakaz? Beste berba batez, ze leku dabe galtzaileen txapeldunak diran garaileek?

Kirolaren mass media dalakoan, elitea eta horren barruko goreneko geruzea baino ez da aintzakotzat hartzen. Neure kasuan, txirrindularitzea da gehien beteten nauen eta ezagutzarik naroena daukadan kirola eta, horrenbestean, ziklismoaren historiako izar esanguratsuenetako batzuez berba egingo dot gaur. Izarrak garaipen, maila eta ospe aldetik, bai, baina ez ostera txirrindularitzako zortzi milako gailurrak diran Grand Tour edota hiru asteko itzuli handietan lortutakoakaitik. Azken horreexetan inoz irabazi ez izanagaitik dira famatu aitatuko dodazan txirrindulariok, hots, hamaikatxu garaipenen artean hiru asteko erronda bat bera be irabazi ez izanagaitik. Hona hemen ziklismoaren historiako txapeldun-galtzaileen orkestrea:

1. Claudio Chiappucci: Kontrol lana egin gura eben taldeentzat nazkagarria besteko geldiezina izan zan italiarra, igoera zein jatsieratan karrerak deskontrolau eta hankaz gora jarteko eukan abileziagaitik. Suberte txarra izan eban, tamalez Indurain, Bugno zein Lemond moduko basapiztien aroan lehiatzea tokau izan jakolako. Dana dala, Contador eta Romingerregaz batera, arriskatuteraren eta ikuslegoari gozarazotearen ziklismo epikoaren errepresentatzaile fidelenetakoa dala deritxot, neure lasterkaririk kuttunenetakoa. 

2. Hennie Kuiper: 70-90 hamarkada tarteko animalietako bat. Arriskatu zalea, beroa eta pasinoz ganezka egoana. Txapeldun olinpikoa izatera ailegau zan nederlandar hau 1972.ean eta 5 monumentu irabazi zituan. Tourrean (bere karrera maiteena), baina, bigarren izatea baino ez eban lortu, haren herrikide Joop Zoetemelken ostean.

3. Joaquim "Purito" Rodríguez: Neure kirol-hezkuntzako zutabeetako bat bai izaera, bai ibilbide profesional aldetik. Puntukako sailkapena (ProTour eta World Tour deituraz ezaguna) birritan irabazitako hau oso leihakorra izan da egun bateko, astebeteko eta hiru asteko lasterketetan baina Giroan bigarren izatea baino ez eban erdietsi, 2012ko edizinoan karrerea azken eguneko erlojupekoan 16 segundogaitik galdu ebalarik.

4. Richard Virenque: Umetan telebistara begira nengoala akordura etorten jatazan korredore apurretako bat da Virenque. Tourrean zazpi etapa eroan zituan, mendiko sari nagusia beste zazpitan, kolore beilegia egun bitan soinean jantzi eban eta 1997an Jan Ullrich handiaren ostean bigarren amaitzea lortu. Bere azken urteak baino ez dodaz oroitzen baina, hori bai, bere ibilbideko azken zantzuetan be inoz ikusi izan dodan igotzailerik txundigarrienetako bat eristen neutsan.

5. Stan Ockers: Palmaresik adierazgarrienetakoa daukan kirolaria. Ia-ia egutegiko monumentu eta klasika danak bereganatu zituan eta Grande Boucle-an hiru etapa irabazi. Ez eban, alabaina, sailkapen orokorrik lortu belgikarrak, 1956an aurreko urtean irabazitako munduko txapeldunaren maillota soinean eroan arren. 

6. Joseba Beloki: Euskaldunok be izan dogu ordezkaririk hiru asteko errondetarako (Indurain handiaz zer esanik ez). Beloki anaietan biziena, ostera, askozaz entzutetsuagoa da Tourrean izandako eroriko latzagaitik bere txirrindulari ibilbide osoan zehar erakutsiriko erregulartasun eta kemenagaitik baino. Egia esan, erorketa haretaz geroztik bere etorriaren etena zein gainbeherea argikiro agertu ziran. Ez dira egundo kamustu, barriz, Tourreko hiru podiumak (birritan hirugarren eta behin bigarren) eta baita Vueltakoa bere (hirugarren kajoia Madrilen). Hori bai, garaipen handirik ez Grand Tour rider legez.

7. Tom Simpson: Bradley Wigginsek 2010-2015 urte tartean upelako ospea hartu eban, baina neuretzat Erresuma Batuak emon dauen ziklistarik emonkorrena eta handiena Simpson litzake, inongo zalantza barik. Palmares aldetik Wiggoren aldean zertxobait murritzagoa izan arren, sakrifizioa, pasinoa, lehiakortasunik zorrotzena eta, tamalez, maite dana muga-mugaraino eroatea errepresentetan dituan norbanakoa izan zan Simpson. Mont Ventoux mitikoa igoten egoala, deshidratazinoak eta gatxak jota, bide-baztarrean jausi eta bertan zendu zan. Ezbairik bage, ziklismoaren borrokalari sendoenetakoa.

8. Fränk Schleck: Johnny Schleck txapeldun ohiaren semea eta Andy Schleck erraldoiaren anaia zaharra da Fränk. Tour gizona izan da Schlecketan nagusiena, zeozer izatekotan. Igotzaile bikaina, karrerako egoera ezbardinen irakurle zein interpretatzaile estrategiko itzela eta zinez erasokorra izanagaitik, erlojupekoa izan da beti bere Akilesen orpoa. Armstrong, Simoni, Heras edota Piepoliren garaian hastetik, Menchov, Evans, Nibali edo Contadorren aroan lehiakor izan dan kirolaria; garaipenei jagokenez, baina, lortu dauena baino gehitxoagoren merezituna, behinik behin.

9. Andreas Klöden: Alemaniako txirrindularitzearen etorkizuneko izar izatea tokau izan jako, beteranoa zanean be bai. Izan bere, hasieran Ullrich eta Honcharren itzalpean jardutea egokitu jakon eta heldutasuneko urteetan, aldiz, Leipheimer edota Horner bezalakoen aldamenean. Euskal Herrian ondo ezaguna da Klöden, Itzulian etapak eta sailkapen orokorra irabazi zituan-eta. Hau bere Tour gizona izan da betidanik eta garagarril frantziarrean une très belle performance franko egindakoa, hala mendian nola erlojupeko saioetan.

10. Lance Armstrong: Ezin leiteke ezelan be ahaztu kirolaren historiako dopin sare sistematiko, atondu eta sofistikaduenaren aita danak garaiko preparazino fisikoa, karreren prestakuntzea, teknikea-taktikea eta taldelana ze modutan irauli zituan; hau da, itzuli handien garaipenen aldetik guzurtia eta tranpatia izango da, ados, baina bakotxari berea: ordura arte zaharkitua eta zientifikoki zein mediatikoki zeharo atzeratua egoan kirola mundu mailan punta-puntan jarri eban. Hain da holan, non dopinaren auzia kenduta, oraindino be berak abian jarritako bidetik tiraka hainbat eta hainbat aurrerakuntza zientifiko, mental, estrategiko, logistiko, ekonomiko eta, batez be, fisiko egiten diran. XXI. mendeko txirrindularitzearen kantzerra izan da, baina, aldi berdintsuan, XXI. mendeko entrenamendu eta prestaketa sistemen aitzindaria. 

Esan beharra dago zerrenda hau luzatutea eta mardultzea gauza erraz askoa dala, errubera bien kirolak loriaren atarian geratu dan hamaikatxu txapeldun handi itxi deuskuz-eta. Dana dala, hauxe da neure sasi-txapeldunen mortxakearen hautua. Aitaturikoak hain kirolari handiak baina horren zorte txarrekoak izan dira, non ia ez diran gogoratu bere egiten. Hona hemen galtzaileen kluba.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu