Pantailearen bestaldetik
2018-01-08 13:03Zapatua, ez-orduak: Bilbotik Lapurdira, Lekornetik Torontora, eta buelta Kafe Antzokira.
Kontzertuetako faunea horren naroa dala aitatu neban joandako testuren baten: orotariko entzulegoak, musikarien jarrera desbardinak, noten eta sensazinoen arteko balantzen eskala irristagarriak eta abar luze bat. Baina joan dan zapatuan musikearena nahiko ekosistema xehea eta argala be badala ondorioztatu neban, uriburuko gauean barrena.
Iparraldeko berbakeradun letrak dira entzungai, berba eta esaldi exotiko askoak sartaldekoontzat -neuretzat bai, behintzat-, musikera arrotz baina erakargarriak, itsasoko uhinelangoak, are gehiago, doinuakaz batera zaroatzatenak, sarkorrak oso... dana dago alde. Bat-batean, baina, kontu bati jaramon egin deutsat: bizia pantailearen bestaldean dago. Horra hor gaueko titularra, erdipurdikoa, baina titularra halanda be. Edo hobeto esanda, bizia pantailearen bestaldetik dakusagu. Eta, bai, neure burua be zaku horretan sartzen dot. Lantzean behin ez dator-eta bape txarto autokritikea egitea.
Persona bat baino gehiago begitandu dot sakelakoagaz besoa luze altzauta kontzertuko instant bat halamoduz harrapau guran. Keinu hori egin orduko, biharamunik ez balego legez abesten, irribarretsu eta jantzan egon dira; mugikorra aterata, ostera, kantu-aldarriak eten egin ditue eta zelanbaiteko lotsaz geldi dagoz, aldamenekoak mugikorra ateratearren pentsauko dauenaz kezkatuta beharbada, edo pantailearen bestaldeko hori taxuz eta egoki koadroan sartzeko, akaso. Segapotoa partikeran gordeta, alabaina, barriro be gozamenera bueltea. Taldeko kideak lapurtarrak dira baina, kolpetik, doinukera frantsesdun Neil Young bat kantetan hasi da: zoramena uri zaharrean. Zuri-baltzezko irudietara itzulerea, R&R ipar-amerikar gordin eta autentikora, ikasleak maisuaren papela hartuta, harro kantuz, ozen atzeko anpliak, kamuts eta bihurgunetsu gitarren ondulazinoak; emonaldia amaitzeko, Willis Drummond Neil Young & Crazy Horse bersionetan, alajaina.
Aretotik urtenda, zera esan dot neure barrurako, zer dala eta kondenau momentua gailu txiker baten gatibu egotera? Batzuek erretratuak ateraten ditue, hain bizirik sentiazoten eutsien unea betirako eurekaz gordeteko eta, holan, tenore igeskor hori beti eurekaz eroan ahal izateko. Bideoa aukeratuten dabenek, aldiz, esperientzia behin eta barriro ikusteko eta erabarritzeko aukerea dabe, bihar energia-txute bat edota inspirazino-boladea behar ezkero, mugikorraren artxibora jo eta zapatu haretakoa eten barik sasi-errepetiduteko.
Baina ez gara oraindino otu momentua berezi eta bakar egiten dabena haren hilkortasuna -edo hobeto esanda, galkortasuna- dala, hain zuzen bere. Bizitzen, izerditzen eta entzuten gabizan hau une batetik bestera amaitu egingo dala jakiteak, eta ezinbesteko akabuera horrek liparra biziteko orduan eskatzen dauen intensidade zein matizak dastatzeak, momentuok bakar-bakarrak bihurtzen ditu. Behin hori igarota, momentua hilezkor bihurtuko da geure barreneko iruditegian, momentua geure egingo dogu beti-betirako, eta haren sua bizirik eroango dogu geugaz, edonora goazela be. Modu berean, ez dogu mugikorraren inongo beharrik izango: unea gogamenera berreskuratzean, gura barik irri barrabas konplizetxu bat urteko jaku, gau haretako momentu zehatz ha zelako intensidadez bizi izan genduan gogoratukeran eta, atzera bueltauko ez danez, beti gugaz gordeko dogula konturatukeran. Aldamenean izan genduan pertsonearen arpegi berbera be barriro itzuliko ez dala ondorioztauko dogu orduan, pertsonak -eta pertsonei esan gure deutseguzenak, eurek jakin behar dituen dan-danak, erakutsi bage lotuko diranak, samatik tinko oratuta orroka eta emozinoz anpuluka kantau bako horreek, etab.- behar diran moduan eskertzen ikasiko dogu eta, hilkutxara pantailarik eroaterik ez dagoanez, bizitako horreek guztiak lurpera eroango doguz. Gugaz betiko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!