Bizi nazen artean, ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-12-27 20:38

Gaur eguneko Gabonetako oturuntzetatik arestiko euskal gabon-menura bidaiatxua.

Upelako jakituriadun gizona ei zan geure aita jauna; halantxe esaten eustien etxekoek, gabon sasoian mahai inguruan batuta berba eta pitz hasten ziranean. Nik ez neban egundo ezagutu baina gabonila helduteagaz batera hari buruzko kontu zein pasadizo berak entzun behar izaten nituan, eta bai gustora entzun bere. Hain zuzen be, aurtengo Gabon Gaueko afalostean aitaitaren memoria azkenburukora ekarri genduan, izan bere, osabeak autortu eustan aitona beti kejaz eta agirika paretan zala gaur egungo Gabonetako menua zala eta ez zala. Oturuntzak goitik behera aldatu dirala esaten ei eban, zeozelako tonu tristekorrez. 

Egun gabon garaian jaten diran jaki onak danok doguz ezagun eta, beraz, ez naz horreetan sartuko. Baina, horrezaz batera, zeintzuk ete ziran tradizionoz euskal lurretan gabonetan jaten ziran janariak? Beno, ez dot uste gabonetarako euskal menu bateratu eta estandarrik egongo danik, baina jakin badakidana da, geure aitonak ezagutu eta probau eban menuak ez daukala ezelako zerikusirik gaur egun zelan edo halan ezarri danagaz. 

Geure arbasoen etxeko gabon-menua, antza danez, bestelangoa zan. Menuko lehen platera beti izaten ei zan aza edota azalorea: gabonetako bazkari esanguratsu bakotxeko aldatu egiten eben, hau da, Gabon Gauez aza afaritan eta biharamuneko Egubarri bazkarian, ostera, azalorea. Bi ortuari honeek garaiko estutasun eta pragmatismo ekonomikoa erakusten dabe: etxean landatzen ziran barazkiak dira eta, are gehiago, negu sasoikoak. Ezin zan, aro hareetan, gastu handirik egin eta etxekoa zein garaikoa aprobetxetan zan. Horreetaz gan, kardua eta borrajea be Gabonetako zenbait menutako osogarri izan ei ziran. 

Ostean, bigarren platererako arraina (bisigua edo txitxarroa) edota okelea (kapoia, arkumea edo bildotsa) atontzen ziran. Azken honeek danak bere, bistakoa dan lez, etxean bertan hazten ziran abereak ziran, ondorioz, gastu ekonomikoari erreparetan eutsielako seinale. 

Postretan, oraindino be etxe batzuetan bizirik dirauen intxaur saltsea egiten eben, sagar egosiakaz, konpoteagaz, gaztaiagaz, arrozesneagaz eta gaztainakaz batera. Gero, errotu eta tradizino barri bihurtu ziran jateko batzuk ailegau ziran geure ezkaratzeetara, berez geure-geureak ez diranak: angulak, karakolak, makailaoa, mazapana, turroia, indioilarra edo itsaskiak. 

Gauzak holan dirala, hain hurrekotzat, geuretzat eta betierekotzat daukaguzan janarietako franko, jatorriz behintzat, tokikoak ez dirala esan beharko dogu. Garaiak aldatu egin dira eta hareekaz batera menuak zein gabon-ohiturak. Ez dot esango egungo neure burua gaurko oparotasunetik eta distiratik urrun ikusten dodanik, baina, egia esan, sasoi bateko oinarrien eta sinpletasunaren epeltasun zein hurrekotasunera bueltetea be ez litzakit bape ardurako. Geure aitaitak bizi nazen artean, ikasi esaten ei eban zeozer erakutsi edo azpimarkatu gure ebanean eta, batekoarren baino ez bada be, beharbada hari kasu egin beharko geunskio. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu