Gernikatik Tanzaniara, bederatzi gau hotzetan
2017-12-20 13:34Urtero lez, abian da Gernikako marijesien bederatziurrena. Aurten, baturiko dirua Born To Learn GKEari emongo jako eta Tanzaniara bideratuta egongo da.
Umea nintzala, gabon aurreko bederatzi goizalde hotzetan, ohean bueltaka nenbilela, aita ordu txikitan etxetik urteten igerten neban. Handik tartetxu batera, hots misteriotsu eta berezi batzuk aditzen nituan kalean, gauaren isiltasuna uneda laburtxu batez zapuztuz. Aro haretan, ez nekian marijesiak zer ziran bere: gabon gaua orduko, Gernika-Lumo kalez kale eta baztarrez baztar zeharkatuten eben norbanakoak, iluntasuna doinuz eta arnasez epelduz. Behin haretaz guztiaz jaubetuta, urteak joan urteak etorri ahots hareek etxe ataritik noz pasauko esperoan egoten nintzan; neuretzat, behintzat, urteko momenturik magikoenetakoa izaten zan ahots hareek izkinetan barrena desagertuten igartea, geroz eta baxuago zein lausoago entzuten ziralarik, nik arpegian irrifarre konplizea marraztuta neukalarik.
Konplizea dinot, bai. Izan be, geurean be zelango zura, halango ezpala esakerea bete-betean emoten da eta laister baten urten neban neuk bere ohearen berotasunetik, aitagaz batera abesten joateko. Baten batek pentsauko dau, akaso, sinistun ligorrak edota fededun sutsuak izango garela ez-ordu horreetan eta negu gorrian herrian zehar kantetan urtetearren. Ba, ez horixe. Guk, gabon-kantari gautarrok, ondarea maite dogu, herria. Gure sorterriko tradizino zaharrenetakoa eta ohitura errotuenetakoa dan heinean, ez dogu galerara kondenau gura, inguruko udalerri frankotan aldatzean behera doan usadioa dala kontuan izanda, ganera. Are gehiago, lagun talde edo sare bat osotu dogu, doinu honeek arrazoi; herriko jentea ezagutu dogu -bestelan egundo ezagutuko ez genduana, seguru asko-, herriko txokoetako kontu eta pasadizo antxinakoak ezagutu doguz -neurelango jente gazteak, zoritxarrez, ezagututeko aukerarik ezta borondaterik ez daukazanak- eta zeozer benetan gura izateak beragan dakarren esfortzua (goizeko 3:30ean jagitea ez da-eta ezelan be lan makala) baloretan eta maitatzen ikasi dogu.
Familiatik jatorten zeozer da eta, hain zuzen be, horrexegaitik dot hain maite. Baina, ez da hori, ostera, arrazoi bakarra. Hara goazenok gure jatorriak maite doguz, gure historia eta zuztarrak. Marijesiek, zeozelan azalduteko, afekzino personala eta herri- zein ondare-afekzinoa buztartzen ditue geuregan: norbanako lez maite doguz, bai, baita gernikar lez be. Maitasun eta bihozkada horregaitik izango da, beharbada, urteko ganerako gauetako ugaritan, ames eta izara artean buelta-bueltaka nabilela, kanpoko urruntasun eta iluntasunean halango ahots misteriotsu zein berezi batzuk aditzen dodazala. Berez, ahotsok ez dira inon agiri, neure gogamenaren barrenetan ez bada; baina oso hur sentiduten dodaz. Hara hor marijesien magia; hara hor gabon garaiko ahots gautar izkutukoen misterioa: kanpoan hotza, euria edo tristezia izan arren, kaleak kolorez jazten dituen horreena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!