Isla batetik bestera
2017-12-12 17:26Gabonilean bete-betean sartuta gagozala, euskal kulturearentzat aste benetan esanguratsua da hau.
Gabonila Ulisesen etxerako bidaiaren parekoa da euskal kulturearentzat: bakarra eta berezia. Bereziaz gan, guztiz beharrezkoa be bai. Izan bere, Durangoko Landakoeneko argiak amataten egongo diran neurrian, Barakaldoko BEC erraldoiko fokuak isiotzen dagoz. Bi horreek dira, hain zuzen be, euskal kultureak oraindino be bizi-bizi eta ondo purian dituan guneetako batzuk.
Durangon, gomuta franko etorri jataz gogora, bertaratu nazan egun bietan. Batean, besteak beste, bederatzi bat urte egin nituan atzera, umea nintzan arora. Ikasleen egunean, egia esan, garai bateko ikasle gaztea ekarri neban iraganetik eta bertara Euskal Herriko lau baztarretatik -Zornotzako, Getxoko, Laudioko, Senpereko edota Donostiako umeak ikusi nituan- hurreratutako estudianteen azalean jarri nintzan. Akordura etorri jatan, ganera, umea nintzala Durangoko Azokako standetan barrena bizpahiru bira emoten nituala lehenengo. Dan-dana ondo ikusi eta aztertu guran, ezin neban-eta lehenengo erakarri ninduan liburu zein disko ha berehala erosi; begietatik barrura sartutako lehen hiru produktuetan sos guztiak gastau ezkero, ondoren gustuko zeozer ikusi eta partikeretan ezer ez neukala jaubetzen nintzan eta, ondorioz, hain maite izandakoa postuan edota argitaletxeen kaxa barruan itxi behar.
Modu berean, ondo gogoratzen naz Bertsolari Final Nagusi batera lehenengoz joan nintzanekoa. Bertsolarien kantu eta errimak oso urrunean ikusi arren, zeharo hur sentiduten nituan. Sasoi haretan, ez nituan ibilten zituen esamolde eta berbetako ugari ulertzen baina bertsoaren doinuak, aurkariari eginiko desafio edo burlatxuak, zaleen berotasunak eta bertan ernetzen zan atmosfera aldaezinak ikaragarri beteten ninduan.
Durangoko Azokearen hasierea ilusino itzelez begitantzen neban heinean, ha amaitzerako sentipena mingotsa zan, halango sensazino gazi-gozo nahasi bat. Izan be, banekian isla batetik itsasoratu nintzana baina, era berean, argi egoan hurrengo islea oso hur egoana, Barakaldon. Hala Landakoenea, zelan Bertsolari Final handia, gure kulturearen ugarte inportanteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!