Polifoniatik monologiara

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-12-04 19:50

Eben-etik neban-era: Personea personen lekuan jarteko saiakerea.

Eskolara sartu eta jarlekuek, eratu ohi dabena barik, itxura desbardina daukiela konturatu naz. Arpegiak, baina, berberak dira. Betiko martxan jesarri naz betiko lekuan, betiko arbel orlegira begira-begira eta betiko irrifarre keinu beraz. Protokolo hutsa. Hori bai, arbelean klarionez idatzirik dagoanak ez dau betikoaren zerikusi handirik: Polifoniatik monologiara

Antza danez, irakasleak ez dau gehiago ikuspuntu sozial -halan deituterik baldin badago- baten arabera idazterik gura. Beste modu batez, nahikoa dala deritxo gizarteari  -hareek, besteek, hirugarrenek, ganerakoek...- buruz idazteaz eta kanpoan dagoana deskribiduteaz. Orain kontua bestelangoa da. Izan bere, barrura zuzentzeko eta norberaren ahotsari erreparetako eskatu deusku maisuak, hau da, gizarteko ahotsetatik -poliforniatik- bakotxarenera -monologiara- igaroteko. Ustez kontu erreza dirudien arren, persona batzuentzat ez da behar makala gero. 

Lana errazte aldera, ariketa praktikoa proponidu deusku eskolako gidari horrek: personifikazino bat idaztea. Berba bitan, objektu baten azalean jarteko eta gizakien kualidadeak zein zantzuak emonaz dalako objektu hori gu geu bihurtzeko, hau da, persona bilakatzeko. Personifikazinoak, dana dala, baldintza bat izango dau; hain zuzen be, akabura arte emozinoa edota intrigeari eutsi beharko jako. Objektuak bere sentimenak, kezkak, sensazinoak eta pentsamenduak azaleratu ditu, bai, baina kontaketearen amaierara arte irakurleari ezin izango deutsagu itxi objektua zein dan asmetan. 

Hasikeran, ez dot igarri ariketearen egitekoa edo jomugea zein izan leiteken. Eskolatik urten eta kalerako atea edegi dodanean jaubetu naz, alabaina, beharbada persona batzuek euren buruaz idazteko trabak izango dituela eta, ostera, euren buruaren zeozelango kargea objektu bizibako bategan iraulita erosoago zein naturalago ibiliko dirala.

Gaur egun, ba al dogu geure buruaz berba egin eta izkiriatzeko ohitura eta erraztasunik? Taldearen eta pluraltasunaren gerizpean askozaz seguruago sentiduten gara eta, hori dala eta, moltsoen denominazinoetara edota pluraleko aditz-formetara joten dogu. Zelanbait esateko, bildurtu egiten gaitu geure burua -edo geure buruaren islea- testu baten eta letraz horniduta ikusteak eta, gauzak holan, taldearen segurtasun eta arriskubako egoerea aztertzen dogu. Itaunik esanguratsuena, behinik behin, ondorengoa da: zein objekturengan irauliko dozu zeure buruaren pisua? Zein izango da zu hoberen errepresentauko zaituan objektua? 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu