Mugak behera bota

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-11-30 16:02

Musikearen hariari oraindino bere tiraka, gogamenera etorri jatazan eta papelera pasetako beharrizana sentidu dodazanak.

Urtero lez, urtearen ingurumari hau txito esanguratsua da sormenagaz lotutako sektore eta norbanako danentzako. Durangoko Azokea atea joten daukagula, urte osoan zehar izerdiz, malkoz eta orduz -batez bere orduz- ondutako produktuei azken ikutuak eta pintzelkadak emoten deutsiez sortzaileek, urte osoko edota urteetako beharrarentzat Durangokoa baino erakusleiho hoberik ez dagoala kontziente diran heinean. Durangon, libruak, diskoak eta bestelakoak topau leitekez, danetariko formatuak, dimensinoak eta estiloak agertzen dira, urteak joan urteak etorri, Landako guneko stand-etan, Azoka famatua kari.

Bada, nik atzera be arlo musikalari gogoeta txikitxu bat egin gure deutsat, musikeari berari, baita musikea konsumiduteko moduari bere. Ze, sarritan barrundatu izan dot entzulegoaren artean badagozala, zelanbait azaltzeko, konsumiduteko modu mugatu askoa daukienak. Euskal Herria, berez, kolore eta forma kontaezinen lurra da musikeari jagokonez. Folklore musikal eta, oro har, kultural sendoa zein errotua dogun neurrian, egungo taldeek korronte, aurrekari eta iturri desbardinetatik edaten dabe eta, holan, guztiz estilo desbardindun musikeak sortu. 

Argi dago hurrekotasun handiagoa izango dogula estilo eta korronte jakin batzukaz; baina, berbarako, niri punk-ak gozamen eta auto-identifikazina transmitiduten baldin badeust bere, guztiz posible da pop-ak beste sentipen desbardin baina gehigarri batzuk transmitidutea, reggae musikeak, ostera, beste batzuk, eta abar luze bezain naro bat. Maila teknikoan zein musikalean irabaziko doguzan detaile zein aportazino guztiez gan, sensazino eta atmosfera ugari ezagutzeko aukerea daukagu; baina horretarako, zalantza barik, mentalidadea edegi beharra dago eta ulertzen saiatu, beti entzun izan doguzan estiloen aldean desbardinak diran musikak entzutean ez gagozala norbere buruari uko egiten, jakintza eta ezagukera multzoa zabaltzen baino. Ez gagoz isolatuta, gure herria ez da isolatuta bizi: etenik bako hartu-emonetan bizi bagara, zer dala eta ez da izango hibrido, edegi eta dinamikoa gure gustu musikala?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu