Infrasoinupean

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-11-27 15:15

Berri Txarrak-en azken lanaren lehendabiziko entzunaldietan sortu diranak.

Denbora da poligrafo bakarra makrodiskoa izan zan, zeozer izatekotan. Berri Txarrak-en ibilbidea eta jatorriak kontuan izanda, ordura arte egindakoagaz goitik behera apurtu eta apostu barri zein arriskatua egin eban Lekunberriko hirukoak. Bizi dogun musikearen fast zapping edo konsumo arin-azalekoaren garaian, talde nafarrak disko hirukotxa aurkeztu eban, hiru estilo musikal desbardin jorratzen zituana eta, are gehiago, hiru produktoregaz grabaunikoa. Horrek guztiorrek, hiru diskoak entzun eta aztertzeari denporea eskaintzera derrigortu eban entzulea, zelanbait esateko. Eta hori ez da ezelan be lan makala, ze aintzat hartu behar da gaur egun 26 segundoan beteten ez gaituan kantua atoan aldatzen edo zappeetan dogula, behar dauen denporea eta dedikazinoa eskaini bage. 

Horregaz guztiagaz, euren azken diskoa -Infrasoinuak deituraduna- azaleratu dalarik, komentario eta eretxi orotarikoak aditu dodaz. Batzukaz bat egin dot, baina beste batzuk guztiz azalekoak iruditu jataz, talde honen musikeak transmitiduten dauen sakontasun gordinagaz bat ez datozanak, alegia. Berbarako, Infrasoinuak disko txikerragoa edo apalagoa ei da. Bada, nik ez dot eretxi hori. Izan bere, iruzkin hori egin dabenek ez dabe gogoan izan proiektu hirukotx erraldoi batetik datozala eta -onerako zein txarrerako- gaur egun diskoen gehiengo esanguratsuenak hartzen dituan neurriak 10 kantaren ingurumarikoak dirala. Kontua ez da disko hau murritzagoa dala neurri edo materia aldetik. Koskea arinagoko lana egungo musika-lan konbentzionalen aldean upelakoa zala da. Ez gaitezan irakurketa arin eta sinpleetan geratu. 

Kantuei eureri jagokenez, disko guztiz gorabeheratsua iruditu jat lehenengo bizpahiru entzukeretan. Lemak, Aingurak-en dinamika bardintsuari jarraituten deutsola uste dot, eta horrek ez deust grazia handiegirik egin. Lemak, Aingurak hit-a eta ha barruan eukan Helduleku guztiak DDPB bilduma hirukotxeko bigarren diskoa horren ondo hartuak izan ziran estilo aldaketa bat-bateko ha egiten eben lehendabiziko aldia izan zalako. Orain, estilo beretsuaren jarraipen orokor honek, neuri behitzat, musikeraren aldetik ez deust inongo apurketarik suposatzen. Eta diskoetan zeozer baloretan baldin badot, talde horrek ni entzule lez zur eta lur ixteko daukan ahalmena da, behinik behin. Hori bai, diskoan badagoz goia joten daben kantuak be, Berri Txarrak-en estilo tradizionalagaz askozaz gehiago bat egiten daben riff pisutsudun eta melodia bizkordun abestiak (Oskia, Zuri edota Infrasoinuak bera, kasurako). Kantu vintage horreek, hain zuzen bere, diskoaren produktore izan diran Coloradoko The Blasting Room musika-estudio mitikoaren kudeatzaile Jason Livermore eta Bill Stevenson-ek jorraturiko estiloei argikiro erantzuten deutsie. Azken hau, ganera, Ipar-Amerikako punk-rock eta hardcore talde inportanteenetakoen produktore eta partaide izandakoa da, esaterako, Black Flag, Descendents, At The Drive-In, All, Rise Against, Antiflag, Pennywise edota Neurosis. Ez gabiz, beraz, ahuntzaren gauerdiko eztulaz berbetan.

Letren harira, oraindino ez naz sakon aztertzen hasi, baina musikalidadearen ildo parekotik jo dot lehenengo entzunaldiak barruratu ahala, hau da, kanu batzuetan kalidadearen ganbarara heldu dira baina beste batzuetan, ostera, letreak ezer gitxi transmitidu deust. Tematika aldetik bere, Gorka Urbizuk adierazo dau azken hau ez dala disko kontzeptuala; alabaina, mezu subliminalen, alarma hots isilduen eta, azken baten, zinez entzungatx diran infrasoinuen gaiak disko osoko letretan dagoz eta, horrenbestez, kontzeptualtasunaren aztarrenik nik neuk behintzat hartu deutsat (DDPB-k be, disko kontzeptuala izan ez arren, hari gidari baten printzak jarraitzen zituan). 

Gauzak holan, horreexek izan dira Infrasoinuak-ek transmitidu deustazan lehendabiziko sensazino zein irakurketak. Esan beharra dot ez jatala eretxiak eta kritikak egitea gustetan diskoa ondo aztertua, barruratua eta entzuna izan arte. Horregaitik, ikusi beharko da lan barri fresko honek nigan zelango bidea egiten dauen eta hamendik denpora batera neure eretxiak ze matiz, kontraste zein inflexino-puntu hartuko dituan. Dana dala, kantu batek lehenengo entzunaldian barrenean erneten deutsun udabarri nimiño hori sentidutea baino gauza bereziagorik ez dagoanez, entzunaldiakaz jarraituko dot. Ia hamendik aurrera zelako infrasoinuak sortzen diran notak berrentzukeran eta letrak berrinterpretaukeran. Ez daitela haria eten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu