Gitxitua ez eze, gitxiestua
2017-11-20 19:23Euskera batuaren ekarpenak eta aukerak goresten eta, aldi berean, herri-berbakeren zilegitasun zein egokitasuna deuseztatzen dauen sistemea da euskalduna. Berba potoloegiak neure ahotarako. Beharbada bai, baina horixe eretxi dot.
Beste testu baten aitatu legez (eta honezaz batera egunean-egunean hamaikatxu artikulu, ehundaka kanta edota hiruzpalau telebista katetan aldarri egiten dan heinean), geure hizkuntzea ez da inondik inora be urria, ezta murritza be. Erabiltzaile -eta, aldi berean, kontsumitzaile- kopuru mugatu eta zehazduna da oso, bai, baina hori ezin leiteke ezelan be etxekalte ibili.
Gogoan dot EGA esamina egin neban haretakoa. Lehenengo proba biak, hau da, atarikoa eta idazmena, batuan egin nituan. Atarikoari jagokonez, ez egoan beste alternatibarik, halan egozan eta azterketako itaunak eta aukeratu beharreko erantzun-sortak. Idatzizkoa bere, antzera egin neban. Izan bere, orduantxe ez neban herri-berbakeran idazteko inongo ohiturarik eta are gitxiago esamina garrantzitsu zein ofizial baten. Esaminea osotuten eban hirugarren eta azken atala (ahozkoa) egiteko, barriz, eredu batua edo bizkaierea ibiltea proponidu jatan. Hori bai, inposau jatazan premisa ukaezin biak ondorengoak ziran: alde batetik, bata zein bestea erabili ezkero, berbaldi osoan horri eustea. Beste berba batez, berbaldian zehar aukeraketa eta erregistro linguistikoz ez aldatzea. Beste aldean, ostera, mendebaldeko hizkerearen zein hizkera batuaren eredu jaso, goi-mailako eta formalak erabiltea. Baldintza horreek biak beteta ahozko probea egitea posible askoa zan.
Bada, C2 mailea prestetan nagoan honetan, egoerea are makurragoa da. Orain arte sano ezaguna neban administrazino zein erakunde publikoek herri-berbakerei muzin egiten eutsiela. Baina harrigarria bezain lotsagarria iruditu jat C2 mailako esaminako ahozko probea eredu batua erabiliaz baino ezin egin leitekeela. Bardin deutso euskalkia modu espezifiko zein maisuzkoan dominetan badozu, ez deutso ardura zeure komunikagarritasuna zein entzulegoari transmitiduteko gaitasuna euskalkian potentziau egiten dan. Batuaren zilegitasun aldaezinaren erresuman gagoz.
Sarritan galdetzen deutsat neure buruari aurrera egin beharrean atzerantza ez ete goazen. Era honetako adibideak, aldiz, txito adierazgarriak dirala deritzot, hobetu eta eboluzionauarazo beharrekoari erreparetako ez bada be. Hizkuntza gitxitua da geurea, ez dago zalantzarik; baina susmoa dot gitxituaz gan gitxiestua be ez ete dan. Bestela esanda, posibilidadeen eta balizko aukeren multzo oparotik gitxi batzuk baino ez doguz aukeratzen, zeharo erabilgarriak eta zuzenak izan leitekezan beste franko kanporatuaz. Eta, jakina, atzera goaz aurrera ez bagoaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!