Norentzako ete zan?

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-11-15 13:48

Eskolara bidean kotxean noala bururatutakoak. Lau errubera ganean bai baina neure gogoa errepide urrunenetik harago egoan, inor heltzen ez dan lekuren baten.

Zapatu goiz euritsua, autopistan gotortuta. Durango pasa barri dot eta kanpoan ez da giro. Irratia amatau eta burutapenak isiotutea, dana da bat. Gogora etorri jataz bat-batean eguaztenerako prest euki behar dodazan ingeleseko beharrak, amaitu bage itxi dodan ariketa-sortea, arineketan eta erdipurdi egin dodan ohea, lagunari astegoien honetarako atondu deutsadazan entrenamentuak edota Bergarara ailegeterakoan aparkalekura egin beharko dodan buelta gogaikarria. Tunelera sartu eta autoaren argiak biztuteagaz batera, neure buruko argi ikurra bere isiotu da. Kopilotuaren jesarleku ganean eguneroko lez ibilten dodan koaderno txikerra begitu dot, geldi-geldi baina aldi berean desafiagarri. 

Momentu horretantxe pentsau dot, norentzako eskribitzen dogu egunerokoan? Gura barik, altuan urten deust itaunak. Beno, bardin deutso. Kilometro pare bat emon dot horretan pentsetan. Eibar be pasau dogu. Egunerokoak eta biok. Izan bere, neure zati desbardinak dagoz egunerokoan. Eta orduantxe pentsau dot, akaso guretzat idazten dogula. Gu geu garela igorle zein hartzaile. Egunerokoan, adibidez, neure iraganeko ni-ari idazten deutsat. Egun daukadan esperientziatik ondorioztatzen dot iraganean egindako erratetatik zer ikasi dodan. Era berean, arestian idatzitakoa leidu eta iraganeko ni-ak gaur egun zelan jokatu -edo ez jokatu- erakusten deust. 

Hurrengo tunelean barruratu orduko, eta logikoa dan lez, gaur egungo ni-ari idazten deutsadala pentsau dot. Hemen eta orain inguratuten nauen mundua deskribiduten dot, horrek guztiak nigan daukan eragina baita be, eta horreekaz batera, nire barruko mundua -neure bildurrak, ilusinoak, kezkak, egunerokotasuna, sensazinoak, helburuak- eta kanpokoaren arteko hibridazino edo mimetismoa zelangoa dan be bai. Etorkizuneko ni-ari be idazten deutsadala argitu deust errepide bazterreko kartel handiak. Gaur, neuretzako garrantzitsua eta berezia dan hori apuntetan dot. Hori dala eta,  etorkizunean hau irakurten baldin badot, pertsona desbardina izanda be gogoan eukiko dot egun batean papelean dagoan ha niretzako guztiz beharrezkoa eta bakarra izan zala; modu horretan, neure zati bat egun haretara garraiatuko dot eta holan hilezkor bihurtu. Bestela esateko, galderek dana beteten daben honetan, neure burua topauko dot, ilunpetan horma kantoi ezagun bat legez. Argi gitxigaz, izan be, hobeto ikusten da sarritan.

Heldu naz Bergarara. Nik ez daukat ez zaldi zuririk, ez kapelu lumadunik ezta besarkatuteko inor. Hori bai, gaur argiago dot besapean daroadan eguneroko hau nork eta norentzako idatzia dagoan; eta sinistu eidazue, beharbada zeuontzako ez da nahiko izango, baina neuretzako asko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu