Geure burua azaldu guran
2017-10-27 14:11Eskolako lehen egunean, ezer egiten hasi orduko, norbere burua aukezten ikasi genduan. Ez dago, izan be, izen-deiturarik zertan erabili nor garen eta nondik gatozen aditzera emoteko.
Bat eskolan hasten danean, zelanbaiteko errituala egiten dau. Erritual hori, klase egunak joan klase egunak etorri, geroz eta ohikoagoa zein mekanikoagoa izaten hasten da, ia-ia modu automatikoan urten arte. Erritualak ondorengo atalak ditu: Ikasgelara sartu, ikaskideak agurtu eta zelan dagozan itaundu –egia esateko, erantzunik espero ez dauen galderea izan arren-, jarlekuan jesarri, lanabesak motxilatik atera eta mahaiaren betiko leku zein itxuran jarri, eta horren guztiaren ostean, eskola hasteari lasai asko itxaron.
Erritual ohiko horretaz harago, joan zan zapatuan hasi neban Idazle Eskolako graduondokoan, neuretzako guztiz barria eta apurtzailea zan zeozer bizi izan neban. Lehen eskolako irakasleak, klasera sartu eta bere burua aurkeztu ondoren, gure barri jakin gura ebala adierazo euskun. Baina hona hemen koskea, gure izena, edadea, jatorria eta tankerakoak zuzen-zuzenean galdetu barik, hauxe proponidu euskun: Ikasle bakotxak zera idatzi behar eban, eraikinera hurreratu eta barrura sartutakoan geure begiek ikusi zituen lehenengo hiru gauzen erradiografia literario bat egitea. Beste modu baten esanda, ze gauzari erreparetan geuntsan eta ze modutan adierazoten genduan papelera ekarterakoan.
Emoitzak, oro har, zinez interesgarriak izan ziran. Bakotxak elementu desbardinei erreparau geuntsen. Baina, are gehiago, geure eretxi eta interpretazinoak letratan islatuteko moduak be txito anitzak subertau ziran. Horra hor idaztearen eta barruko mamu, ilusino, kezka, uste… orotarikoak letraz jaztearen onurearen aberatsa. Nor garen esan bage, gure identidadearen aztarren esanguratsu batzuk emon genduzan. Geure deiturea idatzi barik, gaur garena zerk egiten gaituan adierazoteko bidea abiatu genduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!