Atzera goazela aurrera ez bagoaz

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-10-18 17:01

Euskereak eta honegaz batera euskal literatureak egundoko aurrerakuntzea zein hedapena jasan dabe 60. hamarkadako olatuaz geroztik. Hori bai, hori jada amaitu da. Beste mende baten bizi gara; are gehiago, beste milurte baten gagoz. Ondo dago orain arte lortutakoa gogoan hartzea, bai, baina ez dauka ezelako zilegitasunik lortuta dagoanari begira, ezer egin bage geratuteak.

Behinola amestu bere egin ezin izango litzakeena dogu gaur esku artean. Euskerazko Microsoft bat sortu dogu –beste hizkuntza askok ez daukiena eta arestian azukerazko ames hutsa zana-, euskerazko hiztegi entziklopedikoa, Wikipedia euskeraz, administrazino edota erakunde publiko elebidunak (danak gura eta behar besteko euskera mailarik euki ez arren), hamaikatxu euskerazko telebista kate eta irratsaio, egunkari euskaldunak, euskerazko ikasketak –eta baita euskerearen beraren ganekoak bere-, eta abar luze zein naro bat. Dana dala, bizi-historia labur askoa da geure hizkuntzearen normalizazinoarena. Zelan ahaztu, berbarako, 76 edo 77. urteen bueltan (parkatu zalantzea, datak gogoratutea ez da nire bertuterik distiratsuena) ezagutu genduan lehendabiziko ganorazko euskal hiztegia, Kintanarena, alegia. Ordura arte, ia-ia hiztegi batu barik egin behar izaten zan behar. Alde horretatik, ados, autortu beharra dago upelako lana egin dala.

Baita be literaturearen sorkuntzeari jagokonean. Orain artekoa azpimarragarria eta guztiz kontuan izateko modukoa dan arren, geure literatur-sistemea, halan edo zelan esatearren, munstro antzeko bat da. Munstroa ez motza edo itsusia dalako, atal batzuk falta jakozan beste batzuk baino garatuago daukazalako baino. Zeozelako Frankestein baten parekoa da gure sistemea, hara hor titularra. Gure literatureak, kasurako, ez dauka kioskoko literaturarik, ezta bere kiroletako zein modako aldizkaririk. Horregaitik, gure bizitzearen parte handi eta esanguratsu bat euskeraz egitea ezinezkoa dogu. Uleapaindegira bagoaz, adibidez, txutxu-mutxuak gaztelaniaz edo frantsesez adituko doguz. Kirolen munduan, beste arlo publiko adierazgarri bat aitatutearren, geurean ez dago euskeraz orrialde bakar bat ekarriko dauen Marca zein El Mundo Deportivo-rik. Hori dala-eta dinot geure hizkuntzearen ganeko sistema munstro osotu bako bat dala. Organo batzuk garatzea da, halaber, aurrean dogun hizkuntzearen normalizazinorako aurrerapausurik inportanteena.

Literaturearen produkzinoaren aldetik, ez da ahaztu behar euskeraz idaztea bere horretan ogibide lez daukien idazle oso-oso gitxi dagozala, hau da, euskerazko idazle profesional gitxi samar dago gure artean. Izan bere, euskeraz idaztea oraindino be ez da apostu ziurra eta hortik bizi ahal izatea, ostera, sano arriskatua da. Ez neuke amaitu gura, oso neurea egin dodan esaldi bat hona ekarri barik: Txikiak izaten ikasi behar dogu.

Joseba Sarrionaindiari irakurri neutsan esaldi hau, antza Azurmendirena izan leitekeen arren. Papelera ekarri dodan gai honi oso ondo egokituten jakola uste dot, zeharo aplikagarria dala. Txikia izatea ez da inondik inora erraza. Txikiak alperrik dau handi izatea amestea. Alperreko kontua da hori, ez da-eta egundo handiago haziko. Gauzak holan, ez dot uste geurea hizkuntza txikia danik, ezta bere urria. Hiztunez murritza izango da akaso, baina hizkuntzea –nik uste- ezin da txikia izan. Hortaz, geure belaunaldiaren apostu eta zeregin nagusietako bat geure hizkuntzea edozertarako gai dala erakustea da; horregaz batera, txikitasunaren auziaren erru guztia hizkuntzearena ez dala argitzea be xede dogu. Errua, inorena izatekotan, geurea izango litzake, hots, euskal hiztunona. Oro har, mundua euskeraz adierazo ahal izatea, hortxe erronkea. Baina txikiak gara. Ezagun doguz gure hizkuntzearen hiztun kopurua, hiztunen artean zer sortzeko gauza izan garen, baita be gure lurraldearen neurria, e.a.

Baina lehenengo, txikiak izaten ikasi behar dogu eta txikitasun horren handitasunean, txikiak izatearen bildurra galtzen. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hizkuntza minoritarioa izateaz gan, geurea hizkuntza gitxitua dala deritxot. Historiak, inguruko erraldoiek, globalizazinoak eta abarrek higatu daben arren, guk geuk be gaitzetsi egin dogula eretxi dot. Zelanbat, oraindino geure hizkuntzaren egoera larria azpimarratu eta ha beste potentzia linguistikoen aurrean justifikatu beharrean gagozala emoten dau. Beste modu batean esateko, orain 5 mendeko diskurtso beragaz gabiz, hots, euskararen apologia eta etenbako justifikazinoa. Ikusi bestela euskarazko lehendabiziko obrako pasarte esanguratsu batzuetan goraipatzen dena (Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, 1545): "Euskara jalgi hadi plazara, jalgi hadi kalera!" Bada, oraindino bere speech horrenhariari tiraka eta tiraka gabizala dirudi. Egiteko franko dago, bai, baina bada garaia geure buruari justifikazino bildurti/temati hori ganetik kendu eta orainera zein etorkizunera begira ekinean hasteko.

 

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu