Kea Katalunian, sua Galizian

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-10-16 11:46

Euskal Herrian, zoritxarrez, badogu terrorismoaren barri, modu zuzen edo zeharkakoagoan zein hurrago edo urrunagotik begitu izan badogu bere. Baina testu honetan ez neuke lurperaturiko mamurik berpiztu gura, oraindino kanpoan dagozanei euren hilobietarako sarrerea zein dan erakutsi baino.

Esangura aldetik, terrorismoa bildurra eta kaosa sortzeko biolentzia erabiltea aurretiaz eta berariaz pentsautako litzateke. Hori dala eta, gure mugez hego-ekialdera, Katalunia aldeko jazoerak zelan hartu daitekez bada, terrorismotzat. Terrorismo erlijiosoa, politikoa –ez doguz ahaztuko ETA, GRAPO, GAL zein FRAP moduko dinosauro zaharrek egin izan dituen hondamenak- eta ekonomikoa –merkaduen morrontzea, industria-produkzino txiki/ertainen eta sektore tradizionalen dekadentzia, e.a- sufridu izan dauen herriak ez dau inongo kaosik bildurrik erne gura gizarteagan. Are gehiago, ez dau biolentziarik ibili gura bere helburuetarako bidaide legez. Hortaz, Kataluniako herriaren egoerea ez dator bat terrorismoa definiduten dabenagaz.

Argi dago kontua ez dala independentzia kosta ala kosta lortzea. Auzi guzti honen muina zera da, demokrazia aktibo eta oinarrizkoena –hastapenetakoa deituko deutsagu; jentearen borondatea aintzat hartzen dauena eta ez, ostera, plastikokozko kirats neoliberaldun sasi-demokrazia herdoildu hau- jenteari erabagiten ixteko erabiltea. Bardin deutso botoek independentzia edo independentzia-eza erakusten badabe, izan be,, helmugarik inportanteena lortua egongo da orduantxe, hau da, jentearen berbea eta eretxia kontuan hartzea.

Herri-borondate honi aurre egiteko (herriari aurre egin behar ete jako?), espainiar gobernuak ez dau gobernu-politikarik egin, PPren politikea baino. Honegaz esan gura dot, ez dau herritarren hautuaren araberako neurririk hartu. Honen ordez, politika guztiz partidistak erabili ditu prozesu katalanaren fase zein momentu bakotxean hoberen egokitu izan jakozan neurriak hartuteko. Horren agerkari legez, Kataluniako herriaren kontra irauli dauen biolentzia politikoa eta poliziala –ia-ia parapoliziala-. Poliziak ez al dau, bada, kaosa sortu Kataluniako kaleetan asmo zehatz eta konkretu batzuk helburu? Hautestsontzien eta benetako demokraten (eta ez silloietakoen) indarraren aurka, Erdi Aro iluna balitzan neurri bako biolentzia erabiltzea goiko postu politikoetatik etorri dan erabagia izan da eta ez, ostera, espainiarren aldekoa, hareen eskumenen aldekoa zein katalanen aldekoa. PPren eta haren Madrilgo sasi-supremazia politiko-ekonomiko erreakzionarioa bermatzearen aldekoa izan da.

Txalotzekoa iruditu jat katalanen erantzuna. Harrien ordez lorak eskuan, ukubilen ordez esku edegiak airean, kale erdian kontainerren ordez giza-kate ilusinoz eta borondatez beteak. Nik uste euskaldunok badogula zer ikusi eta ikasi hareengandik. Adibidez, antifaximoa, aktibismoa eta aldaketa sakonak errotzeko ekinak ez dauela zertan biolentziagaz eskutik joan eta helburu urrunagokoak lortzen dirala bortizkeria bage. Sinple baina argi esanda, helburu berbera lortzeko beste bide-modu batzuk urratuta, emoitzak lortzea arinagotu eta erreztu egiten dala.

Hori bai, erreferenduma ospatu ez daiten gobernu zentralak 20.000 polizia bialdu dituan heinean, Galiziako sute kiskalgarri eta gurariazkoak amatatzera ez dau ia inor bialdu. Bada, ez daigun ahaztu hondamendi natural  honen atzean izen-deituradun personak dagozala: politikariak, empresaburuak, goi-karguak… Zeozer izatekotan, terrorismo sozialaren eta instituzionalaren erakusgarri dogu hau, ekoterrorismo bete-betea. Tristeena, Galiziako Xuntak barik, laguntzarik handiena eta aktiboena Portugalgo Gobernuak eskaini dauela da. Erretako 4000 hektarea bai, baina ez daigun ahaztu PPren gobernua izan dala oraintsu 436 baso-brigadista kaleratu dituana, bere Mendien Legea, erretako lurren ganean etxebizitzak eregiteko aukerea emoten dauena, suteen aurkako politiketan murrizketak ezarri dituana, prebentzino neurriak minimoen minimoetan itxi dituana, eta abar ikaragarri –triste- bat. Ez daigun ahaztu gaur, Kataluniari eta Puigdemont jaunaren gutun famatuari erreparetan deutsagun honetan, Galiziako suteen errua piromano koadrila bati egotzi gura jakola Madril aldetik, benetako errudunak gorbataz jantziak eta besaulkietan eroso jarriak dagozan bitartean, mezu positibista arrosak zabalduz baina basapiztien politika paleolitikoak bideratzen. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu