Eklipse musikala

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-10-09 13:24

Gauza gitxi dagoz gaua eta egunalangoak. Bakotxak bere berezitasunak ditu, bere potentzialtasunak, baina alkarregaz egoki buztartzen dira, alkarren parekide dira.

Joan zan barikuan, Donostian, gauaren eta egunaren arteko zeozer errotu zan. Eklipse baten antzeko zeozer zan ha, gau txinpartatsuegia, egun eklektigoegia. Izaro Andresek eta Gorka Urbizuk berbaldi/showcase tankerako emonaldi bat egin eben Koldo Mitxelena Kulturgunean. Oholtza ganeko elektrizidade hutsa.

Jorratu zan gai-zerrendearen barruan, holan bataiatuterik baldin badago, industria musikalaren –eta kulturalaren- erraietan modu inplizitu edo esplizituagoan agiri dan sexu edota genero bereizketea aitatu zan. Blog honetantxe bere auzi hau azpimarraturikoak gara, arinagoko testuren baten. Bada, garai baten landutako kirolaren barruko diskriminazinoaren paralelo, esan beharra dago musikearen mundu zurrunbilotsu baina liluragarrian be bereizketea igarten dala, sarritan kolore larrosaz makillau eta itxuraldatu arren. Antza danez, genero termino sozialari keinu egiteko erabilten dan berbea da eta sexua, aldiz, konnotazino biologikoduna. Kemen handiagoa eta denpora gehiago eskaintzen jako, nik uste, terminook definiduteari, hareek errepresentetan dabenari arpegia erakusteari baino. Musikearen alorrera ekarrita, berbarako, tradizinoz gizonezkoek protagonizau eta kudeaturiko industria dan heinean, badago diskriminazino generikorik, jakina. Baina genero desbardintasun horrek baditu, era berean, adibide eta auzi biologikoak, hots, sexualak.

Baina bueltau gaitezan Gipuzkoa aldera. Izarok plazaraturiko berba batzuei erreferentzia egin eta honaxe irauli gura dodaz. Bere esperientzia erakutsi eban mallabiarrak, inongo tapakirik barik, zuzen-zuzen, barriro be elektrizidade hutsez. Haren berbetan, behin Bilbon emon eben kontzertu bat zeharo kuriosoa eta erakusgarria zan. Emonaldiaren aurretik, taldeko kide bakotxaren instrumentuen soundcheck-a egiten egozala, teknikariak ganerakoakaz amaitu eta orain neskearen instrumentuakaz hasiko gara bota eban. Ez al da, ba, neskea taldearen parte? Ez al da ganerako kideak lain?

Are gehiago, Izarok arretea deitu eustan beste pasadizo bat partekatu eban ikusleriagaz. Antza danez, neska musikariz osoturiko talde gipuzkoar batek Norvegiako banda bat konbidau eban Donostian joteko. Banda eskandinaviarra be emakumez osotua egoan. Bada, partaide batek ekimenaren antolatzaileetako bateri ia tanpoiak non egozan itaundu eutson eta zein izan zan erantzuna? Tanpoirik han ez egoala. Zer egin horren aurrean? Zelan leiteke kamerino baten jatekoa, edatekoa, eskuzapiak eta beste hamaikatxu tramankulu topetea baina ez, ostera, tanpoi edo konpresarik? Erantzuna uste baino sinpleagoa da, hain edegiak eta toleranteak garan honetan, oraindino ez dogu barruratu emakumeek geurean emonaldiak eskaintzea eta emakumez osoturiko talde bat etorri ahal izatea. Horrenbestez, kamerinoak hareentzako ez dagoz zuzen egokituta eta atonduta.

Beste modu baten esanda, industria musikala gizonezkoen supremaziak hartua dago, daborduko argi printza sasi-itxaropentsu batzuk erne baldin badira bere. Kamerinoa prestaterakoan, bale, ados, ez da horren ohikoa izango artisteak desfibriladore bat behar izatea, baina hori be euki beharra dago. Ez da normalena izango horren klasikoak, ia-ia mitikoak ez esatearren, diran frutu sikuei intolerantzia izatea, baina horretarako be prest egon behar da. Ez da eguneroko ogia izango musikariak gasik bako ura gura ez eta gasduna eskatutea, baina hori be eskura eukitea ez dago sobran. Hori bai, biztanleriaren erdiak odola isurtzen dauala ondo dakigularik, konpresa edota tanpoirik eskuragarri ez izatea… hori onargatxa da eta aldaketea orroka eskatzen dauena. Argi dagoana zera da, gizonezkoak ez dau egundo hilekorik eukiko; esangura horretan musika-industria pro-maskulinoa salbu dago, zoritxarrez.

Zoritxarrari bisaia positiboa atera aldera, esan beharra dago badagozala gai honeen ganean askatasun osoz, libre eta intimidadearen geruzatara mugatu bage lasai berba egiten daben gizonezkoak, gizona izanda be alderdi maskulinoa eta femeninoa buztartzea posible ez eze, egin beharrekoa dan zeozer dala erakusten dabenak. Ez neuke amaitu gura, hitzaldi haretan plazaraturiko beste kritika bat blog honen tematika ohikoenetara aplikau barik: Jaialdi eta festibal erraldoietan talde batzuek ez dabe komunik be eukiten baina, aldi berean, beste batzuei personalki hautaturiko menudun afaria kamerinoko atera bertara daroatse. Kirolean be bardin antzean, sektore batzuek konpetidu ahal izateko norbere partikeratik ordaindu behar eta beste batzuek, ostera, norbere irudia, estatus-a, mailea edota ditxosozko reputazinoa dala-ta, proba eta lasterketei muzin egin. Lotsagarria? Bai. Aldatzeko borondaterik bai? Ez nago horren seguru.

Beste barik, onena bihar, martitzena, Gasteizen artista honeek biek eta hareen berba maisuak lehen personan gozatutea da, neure tekla-hots traketsetik leidutea barik. Ez naz beste askotan lez ekimen harexek neure barruan ernetako sentipenez luzatu gura, nahikoa egiten dot-eta beste hamaikatxu post-etan. Donostian elektrizidadea eta honen garrak bizi izan genduzan, halango elektrizidade eklektiko bakar bat. Puttin’ On The Ritz eta Nattesferd-en arteko akorde bereko punteo berezi bat, Little Broken Hearts eta The Only Reason I feel Secure arteko mestizaje hibrido bat, Chasing Pavements eta Buddy Holly perfektu bat, kresal geza ihintz-lanbro epelagaz batera, Izaro Andres eta Gorka Urbizuren arteko sintoniaren eklipsea. Eta bai, gauza gitxi egongo dira gaua eta egunalangoak. Bakotxa bere sendotasun eta bitxikeriakaz, bakotxa bere argi-ilun eta afinazinoakaz. Baina alkarregaz batera eklipse eginda, geldiezina, bakarra, garun eta bihotz oro edegi eta erreflexinora bideratuteko modukoa: Izaro eta Gorka. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu