Bizipoza ez da golakaz neurtzen
2017-10-02 13:28Dana bere ez da kontu triste eta kritikoen ganean idaztea...
Orain egun pare bat, horren erraz eta horren arin egiten dogun zapping-a egiten nengoala, kirolen ganeko saio baten parau neban urruneko agintea. Athletic-en bolada eskasa zan berbagaia: Ziganda entrenadorearen gestino eta zuzendaritzea holan-halan ei dabil, taldearen emoitzeak ez dirala behar diran bestekoak, jokalari batzuen maila kilin-kolokoa eta abar.
Baina entrenamentuko irudiei erreparauta, Lezamako futbol zelaiaren atzekaldean ahaztuko ez dodan baina programa haretako eretxi publikoak pasaten itxi eban irudia harrapau neban. Yeray Alvarez -beste testuren baten be aitatu izan dogun jokalaria, barrabileko bigarren kantzerrari burrukea irabazteko puntuan dagoana, hain zuzen be- kirol prestatzaile bategaz trostan egoan. Bada, ezin imaginau zeunkie zelako poza transmitidu eta irrifarrea irudikatu eustan egoera harexek. Ez bakarrik Yeray atzera entrenamentuen dinamikan sartuta ikustearren, jokalariak berak eukan itxura eta sasoiagaitik baino.
Izan bere, Yeray osasuntsu eta ilusinodun bat iruditu jatan: Argala, muskuladua, mobimendu arin eta zehatzduna, uleagaz, barrea arpegian, beharrean oso zentrauta... Gauzak holan, ez dot uste gehiago azaldu behar danik. Ez naz poztuten Yeray-k kantzerrari aurre egin deutsolako bakarrik, gudu latz eta luze horretan erakutsi dauen poztasun, lan, biziteko gogo eta jarrera eregitzailegaitik bere bai. Beste barik, zorionak Yeray, laster baten zaitugu atzera katedralean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!