Irma urakanaren kirol-hondarrak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-09-28 11:37

Nonork hausnartu ete dau Vieques edota Culebra moduko irletako kirol azpiegiturak zelan egongo diran oraintxe bertan? Are gehiago, Irmak ekarririko astrapalearen ondoren, egongo ete da bertako lasterketa zaldien, uger egiteko guneen zein galapan egiteko pisten egoeraz eta hareetan behar egiten daben personen paradaz arduratu danik?

Puerto Rico isiluneen eta gitxiegitasunen lurra da egun. Danari –horixe uste dogu guk, hemendik- eskaintzen deutsagu aditasuna, baina sano gitxi ardura jakuz bertako izkina-bazterrak, non egunean-egunean herri bat (bir)sortzen dan eta, hain zuzen bere, aditasuna exijiduten dauen. Esangura horretan, eretxi publikoak Irmak itxitako hondamendiaren inguruan egin dauen eztabaideak aditasun gitxitxu eskaini deutse bertako kirol azpiegiturei. Ez hori bakarrik, berbaldi publiko horretan ez jako ia inungo lekurik eskaini lekuko kirol instrumentuen edota kirolarien euren egoereari. Azken honeek mendebaldeko speech horretan ez dabe lekurik izan, nire ustez kontutn eukiteko moduko erpin esanguratsuak badira be.

Puerto Ricoko Batzorde Olinpikoak, berbarako, Irmaren ailegaera orduko bere funts ekonomikoaren zati importante eta mardul bat galdua eukan. Diru guzti hori Puerto Ricoko gobernutik etorren, Rosselló gobernadoreak proponidu eta indarrean jarririko plan fiskala tarteko. Honen aurrean, urakan osteko testuinguru nahasiak ez dau ezelan be etxura oneko eszenarioa itxi, nazinoko kirolaren nondik norakoari jagokonez behintzat.

Bestalde, han horren famatua eta naroa izandako Camarero hipodromoko lasterketek oraindino be suspendiduta jarraitzen dabe; eta ez, hori ez da hipodromoko pistea eta ingurua ekatx bortitzen kausaz kaltetu egin dalako, hipodromoko energia elektrikoa agentzia hipikoen araberakoa (edo menpekoa) dalako baino. Izan be, hipodromoak agentzia hipikoen derrigorrezko eta nahitaezko beharra dauka onurak eta produkzinoa sortze aldera. Ikusten danez, Irma-k herrialdearen egunerokotasuna hanketatik belarrietara eraldatu dau, bai, baina kalte dan-dana ez jagoko berari. 

Modu berean, ez da informazino parterik jaso oilar burruken eta honeek ospatuteko ibilten diran oilartokien inguruan. Esan beharra dago oilar burrukena Puerto Ricoko konpetizinozko kirol lukratibo edo irabazizko azpimarragarriena dana, neure aburuz zeharo higuingarria eta salagarria dan jarduerea izan arren. Industria honek, urteko bi miloe dolar inguruko irabaziak sortzen ditu, baina kopuru sendo hori ez da inondik inora be bertako egoerea hobetu daiten inbertiduten, orain inoz baino gehiago beharko litzakeen arren. Gaur egun, ziurtasun osoz dakiguna ezer gitxi da eta ezagutzen ez doguna, ostera, gehiena. Hori bai, seguru dagoana da, herri honek modu serioan tratatua izan daiala merezidu dauela, nahikoa eta sobran da-ta ganean daukana. Pentsau daigun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu