Ilusino txiki bategaz bizi bat, zauri txiki bategaz odolustu
2017-09-25 13:02Personeak bizi dituan argi-itzaletan barrena egindako bidaia txiki baten kronikea, edo horren antzeko zeozer.
Kirolariak -eta personeak, oro har- hemisferio edo polo bi ditu. Bata defentsarako da; bestea, ostera, erantzunerako. Erasorako, holan esaterik baldin badago behintzat.
Joseba Sarrionaindiari behin irakurri neutsan lez, polo batek Endurance dau izena. Endurance, iraupena (J.S. Izuen Gordelekuetan Barrena, 1981). Hemisferio honek kolpeak eta enbatak jasoteko dozun gaitasuna -gaitasuna al da hori?- neurtuten dau, zenbat aldiz jausiko zaren erakusten dau, hots, matrailekoa zenbatetan jasoteko indarra dozun. Beste ertz edo hemisferioa, barriz, Courage deitureagaz bataiatuko dot. Courage, hau da, behin ukubilkadea jasota hari erantzuteko eta arpegia erakusteko daukazun adore, sen eta indarra.
Kontu hau erakusteko, boxeolariaren kasua jatort gogora. Boxeolariak Endurance senaz babesten dau bere burua, ukubilak ezkutu lez erabilita. Baina, aldi berean, ukubil bardin horreek ibilten ditu aurkaria ahalik eta gogorren astintzeko, ezkutu barruan gordeta euki dauen indar eta sugar dana egotzita.
Honezaz gan, esan beharra dago bakotxak Endurance zein Courage sena modu desbardinetan azaleratuten eta biziten dauala. Nire kasuan, autortzen dot bizitzeak -eta kirolaren mundu gorabeheratsuak- aurrean jarri deustazan gatx eta ezbeharrak oso modu sakonean bizi izan dodazala. Ilusino edo itxaropen printza nimiño batek bizipoza emoten deust baina, horrezaz batera, zauri txikiek ni barrutik odolustuterainoko orban handi zolitzeko gatxak ixten deustiez azalean. Iraupena gorpuzteko euki dodan manerea, halaber, katamaloarena izan da. Denporeagaz ikasi dot besteek dinoenak edo berba egiten dabenak ez daukala zertan nigan horrenbeste eragin eta denporea dala, hain zuzen bere, egia erakusten edo kentzen dauen bakarra. Abestiak dinoan legez, denporea da poligrafo bakarra, egiaren makina bakar-bakarra.
Eta katamaloa zergaitik? Hobeto esanda, zertarako? Bada, munduak nire Endurance senak zenbateraino sufridu behar izan dauen jakin ez daian, zauriak neure barruan zenbaterainoko sakonak diran igarri ez daian, akaso. Estuegi jantzi izan dot maskarea sarritan, hori gehienbat etxekalte izan bada be. Ze, azken baten, katamalo hori janzterakoan ez gara zintzoak geure buruagaz, eta geure buruagaz zintzoak izan ezean, ezin izango gara zintzoak izan munduagaz.
Courage alderdiari jagokonean, ez dot egundo asmau behin iraupenak jasotakoa neureganatuta dodala eta aldamenekoari atzera bialtzeko aukerea izanda, hori egiten. Esan gura dot, ez naz gai ondokoa mendeku gisara izorratuteko. Beharbada mereziduko dau, beharbada hori izango da egokiena. Baina ez naz gauza horretarako.
Ondorio lez, baieztatu ahal dodan bakarra da, neure Endurance aldearen katamaloak oroz gainjarri jakozala Courage alderdiaren ezintasunari. Katamalook, guzurrezkoak izanda be, babesean mantendu nabe persona eta kirolari lez, hareen esklabu bihurtu arte.
Barrena ilun izan arren, egunean zehar bost agur egitera, zazpi sorbalda kolpe emotera, hamaikatxu irrifarre faltsu erakustera eta hamarnaka lerro hutsal idaztera ohituarazo gaitue, une eta kasu bakotxarentzako eguneko katamalorik egokiena ziurtasunez aukeratuta. Iraupenez eta indarraren bildurrez, uste dot mina emoten deuskulako ez deutsagula alkarri galdetzen zerk minduten gaituan. Eta holan geratzen gara ixilik, alboan egotea, maskareak erakusten dauen arpegiagaz bat egitea, nahikoa dala deritxogulako eta holan antzezten doguz alkartasuna, adiskidetasuna, maitasuna eta berba potoloegi guzti horreek. Eta hortxe geratuko dira zelatan, ezkutuan, maskarapean, gu benetan zehazten gaituen gauza guzti horreek. Holantxe idazten dot, zuzen eta sentiduten dodan lez, nahiz eta momentu honetan, mundua katamaloz katamalo ezagutu dodala baino sentiduten ez dodan.
Bolumena, distorsinoa eta besteek esango ete dabena atxaki bat baino ez da bizirik gagozala -geure buruari- aldarrikatzeko eta, atzera be, maskarapean izkutatzeko betirako gugaz gordeko genduala agindutakoa. Ni oso memoria kaskarrekoa naz, bai, baina beharbada mila eta bat gauza egongo dira eguneko maskarea eranztea eta hor kanpoko argia lehen aldiz ikustea baino zirraragarriagoak diranak. Baina, beharbada, estuegi daroagu katamaloa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!