Karreretako ekosistemea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-09-22 12:05

Urtekeretan, tropelaren barrenean eta helmugetan ikusten dan faunearen errapasotxua.

Hile batzuk soinean dorsal bat jarri bage daroadazala, karreren urtekeratan jazoten eta biziten ziran kontuak etorri jataz gogora. Argiro-argiro akorduan dot mundu bi banantzen zirana karrera egunetan. Alde batetik, irrien mundua, besteek  esango ebenaz arduratuten ez zan giza-alderdia. Atmosfera honetan, lasaitasuna eta patxadea ziran nagusi. Ohetik jagi –gura baino dezente goiztarrago gehienetan-, garbitu, gudarako jantzi, armosu sendo-mardula iruntzi eta batek daki zein herritara bidean jarri. Antzeko eskema batek osotuten eban karrerea orduko mundu mikroskopiko hau: dana behar zan momentuan, neurrian, abiaduran eta moduan egin behar zan.

Alabaina, bigarren mundu nimiño erraldoia, hau da, tensino eta urduritasunarena, behin karrerea ospatuko zan herrira ailegeterakoan paretan zan abian. Eta mundu honexetan, hain zuzen be, orotarikoak barruntau ahal ziran urtekera eremuetan. Hona hemen epailearen txistu hotsari itxaroteko uneetan bereizten ziran norbanako muetak.

Alde batetik eta hasteko, karrerearen herrira ordu eta erdi goizago ailegetan diranak dagoz. Persona honeen ardura nagusiak, hurranez hurran, kotxea toki egoki eta hurreko baten aparkatea edota goizaldeko azken mozkorrek (bai, karrerak normalean herriko jaiekaz batera ospatuten dira) hainbat eta gitxien molestetea dira. Era berean, ordubete lehenago -gehiengorik handiena- ailegetan diranak be badagoz; azkenik, sinadura kontrolera zein urtekera lerrora txistu hotsagaz batera inguratuten diranak be egoten dira, azken despistadu xelebre honeek gitxiengo bat baino izan ez arren. Urten orduko, badagoz errezuren bat egiten dabenak (izan dalako jaungoiko, senitarteko, idea edo gomutari) eta badagoz burua hotz eta ixilik euki gura dabenak.

Bestalde, badagoz urtekeratara erropa dezentegaz hurreratzen diranak –hotzarentzako txaleko eta mahukakaz, urarentzako ziragaz, kasko azpiko biseratxuagaz, euritarako culotte espezifikoagaz, e.a.-  baina baita upealako hotza eta euritzea izan arren erropa justuagaz urtetera ausartuten diranak bere. Arropakaz jarraitzeko, badagoz taldeko autora euren eta taldekideen erropak ixtera bajatzen diranak. Baina, aldi berean, badagoz ez molestatearren, txirrindu ganean ez arriskatutearren edota kotxetik tropelera atzera igoteko indarrik izango ez daben bildurretan karrera osoa erropa andana ganean daukiela igaroten dabenak. Hori bai, erropa ixtera, bidoi eta jateko bila, zuzendarien instrukzinoak jasotera eta beste hamar mila arrazoi medio, pelotoitik kotxera arteko bidaia karreran zehar hamarnaka alditan egiten dabenak be badagoz.

Joan gaitezan orain tropel barrura, han bere badagoz kolore eta tankera orotarikoak eta. Hasteko, badagoz errubera artean joateko bildur diranak eta, horregaitik, talde handiaren hegaletan edota atzean kokatzen diranak, normalean behar dana baino metro gehiagoko segurtasun distantziagaz. Badagoz azken parterako erreserbetan diran liderrak eta horreentzako behar egiten diharduen morroiak (gorago aitatu lez, normalean kotxera bajatuteko eta bestelakoetarako ardurea eukiten dabenak).

Badagoz geldi egon ezinaz behin eta barriro igesaldietara salto egiten daben txirrindulariak, mendiko edo tarteko helmugetako sailkapenen bila normalean, edota protagonismo guran akaso. Badagoz bakar-bakarrik iges egiten daben harrapari gosetiak eta badagoz laguntasun bila igesaldi taldeak osotu gura dituenak.  Badagoz kadentzia altua gustoko dabenak eta badagoz pedalei posible dan indarrik handiena aplikatutea bilatzen dabenak, badagoz jesarrita ibiltea gurago dabenak edota bizikletako zelatik altzauta mobiduten diranak. Ez hori bakarrik, badagoz sprint-ari itxaroten deutsienak edota euren ezaugarri fisiologikoak dirala-ta, mendateetan gora karrerea apurtuteko gogoz egoten diranak. Ganera, badagoz aldapan behera arriskau eta bizi arriskuan bajatzen diranak edota, galga franko sakatuaz edozein bihurgune eta txoko umeletan hareen hazurrak zoruaren kontra triskatuten dabezanak, Euskal Herriko hamaikatxu baztar euren odolez apaindurik itxiaz. Badagoz pelotoiaren aurrean jarri eta txisa egiteko izkina baten kokatuta apurka-apurka atzerantza doazanak eta badagoz txisa egiteko aldamenekoari apur bat sakatuteko eskatzen deutsienak, mesedeagatik pelotoian adiskide eta hurko barriak eginaz.

Helmugara etorrita, badagoz lasterketa amaitutea bera garaipentzat joten dabenak edota lehenengo egitearen garaipena bera behar beste gozetan eta biziten ez dabenak. Badagoz helmuga-lerroa burua apurtu beharrean pasetan dabenak zein lasai eta geldiro helmugaratzen diranak. Horrezaz gan, badagoz joandakoen omenez garaipenak beso biak zerura seinalauta ospatzen dituenak, ukabila estututa orro egiten dabenak, taldeko babesleen izenak seinaletan dituenak eta  txirrinduaren koadroari eskukadatxu edota laztan antzekoak igurtziaz ailegetan diranak, euren zaldi maiteari ondo portau dala esan guran edo. Badagoz kristal gardendun anteojuak ibilten dituenak, euria izanda bere karrerearen perspektibea ez galduteko; eta badagoz kristal laranja, beilegi edota urdindun betaurrekoak janzten dituenak, sufrimendu eta oinaze oro begi arrosaz ikusten saiatzeko.

Badagoz etxera buelteari ekin orduko tropel-kideakaz kafetxu bat hartuteko paradea aprobetxetan dabenak, proteina batidoa eta arroz zuria amaren ogitartekoagaitik ordezkatuten dabenak, badagoz txintik esan bage gurasoen edo taldearen kotxean sartu eta herri horretatik hanka egiten dabenak eta, azkenik, badagoz horreek guztiak blog bateko post baten gorpuzteko begira-begira, adi eta ixilik egoten diranak, ideak eta zehetasunak erretinan ahalik eta hoberen apuntau guran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu