Aitatxu/Amatxu 'hooligan' bat da

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-09-14 10:53

Ikerketa batek eskolarteko kirolean emoten dan biolentziaren arrazoi esanguratsuena gurasoak dirala erakutsi dau. Aita-ama askok emozinoak bultzatuta edo, zeozelako transformazinoak izaten ditu partiduetan. Horrenbestez, umeek jada ez dabe bilatuten ondo pasaetea, zelan edo halan irabaztea baino. Kosta ala kosta. 

- Ikusten al dozu, Santiago jauna, jokalari baltzaran hori? Progresino edarra daroa.
- Bai, baina nor da bere entrenamendua ikusten dagoan gizon ha?
- Gaztearen aita da, Santiago jauna.
- Ez jataz gurasodun jubenilak interesetan.

Alkarrizketa hau Real Madrid klubeko lehendakari Santiago Bernabéu eta lantaldeko kirol teknikari baten artean emon zan, 1970ean. Beraz, joan dan mendeko kontua da; are gehiago, joan dan milurtekoa. Egin dau, bada, euririk ordutik. Hori bai, presidente jaunak -1978an hildakoak- burua altzauko baleu gauzek bere horretan dirautela ikusiko leuke. Gurasoek etxeko kirolari gaztetxuenen baitan sortuten daben eragina eta eragin horrek beregan dakarren kaltea aztertu dau Eusko Jaurlaritzako Prospekzino Psikologikoaren Gabineteak. Ikerketearen emoitzea azpimarragarriena oilo eperdia jarteko modukoa da: 820 kasutan oinarrituriko azterketan, kasuen % 25ek gurasoen agresibidadea joten dau eskolarteko kirolarien agresibidadearen iturburu eta kausa.

Maila orokorrean, alkarrizketatuen % 27k autortu dau ikustera joan izan dan eskolarteko kirol ekitaldi edota partiduetan biolentzia ikusi izan dauala (izan biolentzia berbazkoa, fisikoa edota sinbolikoa). Alabaina, auzi honen konturik kuriosoena ondokoa da, era honetako konpetizinoatan ikusle lez egoten dan sektorea ia-ia % 100 jokalarien sendiek edota hareen ingurumari sozialeko pertsonek osotuten dabeela.

Honek guztionek, kirolaren biolentzia maila edota agresibidadea dala ta, gurasoen sektore esanguratsu batek euren seme-alabak kirol jakin batzuetan ez sartzea bilatuten dabe. Nik neuk, zalantza handiak daukadaz berez kirol biolentoagoak edota agresiboagoak ete dagozan planteaukeran. Kirol gorena hartuko dogu, berbarako. Guraso askok, batez be azken urteotan, ez dau gura euren seme-alabak futbolean hasi daitezan, futbolak erakusten dauen biolentziazko eta gorrotozko irudia arrazoi hartuta. Baina ez gaitezan erratu, kasurik gehienetan geuk egiten dogu futbola –eta kirola- biolento.

Izan bere, kirolaren argazki koloretsuaren zuri-baltzezko fotokopia bat baino ez dogu ikusten eta transmitiduten sarri. Honen adibide argi lez, zelan paretan da gurasoa haren semea edo alabea partidu batean aldatuten dabenean? Egoera horrexetatik agresibidade berbalera pausu txikitxu bat baino ez dago, hari fin hauskor bat. Alderdi konpetitibo basatia eta neurribakoa guztiz gainjarri jako arlo ludikoari. Honen agerkari, taldez aldatuko edota klub batetik beste batera lagako daben jokalari gaztetxu baten bildur zein ardura mardulena hori eskolako patioan eta gurasoen aurrean zelan kontau izaten da. Honezaz bakarrik hausnarketarako gairik badagoala deritxot, eta baita modu guztiz serioan heldu behar jakon auzia dala bere.

Izan bere, gaztetxuen patioetako alkarrizketak eta kezkak aldatu egin dira. Bernabéuk, berbarako, dagoeneko ez leuke gazte baltzaran haren aita topauko baina bai, ostera, harelango beste hamarren guraso sutsu edota beste horrenbeste kirol ordezkari edo errepresentante. Honen harira, José Antonio Marinaren ahotan jarri gura neuke. Filosofo harek zera aitatu eban, hezkuntza zentro batean behar egiten dauen pertsona oro irakasle eta hezle da. Gaur egun, irakasleek ez eze, zentro horreetan gurasoek, jokalarien ordezkariek eta inguruko pertsonek be badauke sartuterik. Baina pertsona horreek hartuten al dabe parte eta egiten al dabe behar gazteen hezkuntzan? Nire ustez behintzat, ez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu