Minbiziz, biziminez

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-09-11 11:01

Zidarrezko garun bat, txirrindu bat, bost mila kilometro... Eta kemenik sutsuena. Vincent B. deituradunak amesetako bizitzea eukan. Abokatu suitzar naroa zan, Parisen ebilena beharrean. Baina egun batean bere biziak 360 graduko saltoa emon eban, garuneko minbizi suntsitzailea topau eutsienean. Orduantxe, kontzientziazino sozialaren eta gaixoaren inbestigazinoaren aldeko 5000 kilometroko eta errubera biren ganeko crowfounding erromesaldia abiatu eban Europan zehar.

Dana gris eta geldo agertuten dan domeka buruzuri horreetako baten neure buruarentzako sendabelar bila egunkariko gibel-orriak arakatuten nengoala -bai, ia inork kirikatzen ez dituazan horrek, kirolen astrapalaren edota politikearen zalapartaren ostekoak- inoz ahantziko ez dodan istorio lerrokatuak jo eban neure garunaren atean. Eta egia esateko, sarri ahaztu egiten dogu garunak eta pentsakereak ze nolango papela jokatuten dauan gure egunerokoan eta zenbaterainoko estimuluak (batzuk biziminez beteak, besteak streaming bidezkoak eta baita urteen bidezko flashback diferitudunak be) prozesatzen dituan. Hain zuzen, garuna zan aitatu barri dodan egunkari-zutabeko mintzagaia. Garuna eta beronen mina. Bizia eta beronen matiz guztiak barne. 

Egin eustien biopsiak argiro erakusten eban garuneko minbizia oso aurreratuta egoala eta orain 20 bat urtetik egoala han. Vincent B.-ren berbok ez dabe esperantzarako marginarik isten. Baina ibili, salto eta altzetearen legea bakarra da, eta minbizia bizimin bihurtu leiteke. 

Erromes kontzientziatzaile suitzar honek azaltzen dauen lez, garuneko minbizia triskatzaileenetakoa da, osabide zuzenik bakoa. Honezaz gan, gaixoagarengan aldarte aldaketa sakonak, gorabehera mentalak eta upealako gorabehera psikologiko zein fisikoak sortuten dituz. Baina larritasun eta kaltegarritasun hori da, hain zuzen bere, makaltasun horren aurkako burrukearen arrazoi potoloena. Alabaina, errealidadea da, oso ezkutuan dagoan gaixotasuna dala -mundu mailako pertsonaia publiko dezentek kausa honen aldeko ardurea eta mezenasgoa erakutsi izan badabe be- eta familia gehienek euren artean dituen afekzino honen kasuak ezkutatu egiten dabezala.

Bada, Vincent-ek bisaia erakutsi gura izan deutso ezontsa madarikatu honexeri eta Norvegiatik abiatuta Europa osoa igaro dau Konpostelara ailegau arte. Bidean, hamaikatxu esperientzia, miseria eta pertsona ezetu ostean, gaixotasunaren nondik norakoak lau haizetara zabaldu eta ezetuarazo gura izan ditu, jenteak lehen pertsonan ezetu deian haren burrukearen latza. Hau guztia gitxi balitz, Vincent sortzaile eta partaide dan Cerebrum elkarterako diru-laguntzinoak eta donazinoak batzeko zabalkunde lan eta crowfounding kanpaina ezinhobea egin dau abentura hau tarteko dala. 

Egoera pertsonalari jagokonean, medikuek bere kantzerra mantsotu egin dala esaten deutsen arren, Vincent-ek ondo daki Damokles-en ezpatapean bizi dana eta, azken finean, bizi garen artean egiten dogun horrek baino ez dauala balio; izan Cerebrum fundazinoak, izan areto batetik bestera hitzaldiak eskaintzeak eta kontzientziazino ekimenak egiteak edota izan hilebete biren barruan 5000 kilometro akabubako egiteak, hil orduko bizi garala aldarrikatuteko ez bada be.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu