Sare sozialen arrantza arriskutsua
2017-09-08 13:23Zigorrak ez dauka zentzu handirik hutsegitea atzera jazo ez daiten hezten ez bada.
Sare sozialek gaur egun daukien hedapena eta esangurea zalantzan jarriko dauenik ez dago. Baina, eliteko kirolari urruneko horreek ondo ibilten ete ditue sare sozialak? Hori ezbaian dago, bai ondo ezbaian bere.
Zeozer izatekotan -edo izan behar izatekotan- espilu eta islada izan behar leukie sare sozialek. Izan be, kirolari top handiek euren lan-errutinak, euren teknikak, umorea, errespetua edota bizikidetzea lako gaiak erakutsi beharko leukiez. Ez dinot hori ikusi ezin daitekeenik sareotan, inondik inora be ez, baina ez dinot guzurrik kirolariok sarri huts galantak egiten dituela plazaratzerakoan.
Esate baterako (eta ez dot kasu partikular edota izenetan sartu gura), ze zentzu dauka sare bateko iruzkina edo publikazinoa ezabatzeak, ezabatze horren zergaitia zein dan azaldu bage? Pertsonaia publiko honeek ez dira izan behar akatsak egiten dituen eta akats horreetatik ikasi, parkamena eskatu eta hareek zuzentzen dituen pertsonen ordezkari eta erreferente? Kirola -eta termino oroz zabal honen barruan sartzen dot kirolarien sare sozialen auzia bere-, ezer izatekotan, formazinoa eta hezkuntzea be izan beharko litzateke, batez be etxeko gaztetxuenei zuzenduta.
Pertsonaia urrunekoek (baina egun oso hur bizi doguzanak) baloia jaurtiteko daben erea, pedalei eragiteko modua, uretara salto egiteko estiloa edota erraketea ibilteko klasea, janzkerea, orrazkerea eta abar akabubako bat, gaztetxuenek kopiau egiten dabe. Baina, aldi berean, normaltzat eta kopiagarritzat hartzen dabe hareen jokabidea, beti eredugarria eta zuzena izan ez arren.
Kirolariak eurak ez eze, kontu honetan hartu-emon zuzenak dituen personen moltsoa zabalduko neuke, ganera. Fisioak, entrenatzaileak, mekanikariak, auxiliarrak, epaileak, sukaldariak, biomekanikariak... formatzaileak dira? Eredugarriak dira?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!