Contadorren 10 momentuak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-08-28 16:39

Txapeldun madrildarrak abian dan Espainiako Itzulian emongo deutso akabua bere ibilbide profesionalari. Hona hemen Alberto Contadorren jardunean giltzarri izan diran 10 momentuak.

1. 2002: Haziak ereiten.

Eskalatzaile lez ezaguna izan arren -jubenil mailan Pantani ezizenez deitzen eutsen-, Espainiako 23 urtez azpikoen erlojupeko titulua irabazi eban. Aldapan gora eta erlojuaren kontra eukan mailea aintzat hartuta, etapakako lasterketetarako kondizino ezinhobeak erakutsi zituan Pinto-ko gazteak.


2. 2003: Lehen uztak.

Lehen garaipenak lortzen hasi zan. Poloniako Itzuli entzutetsu eta gogorrean 19 kilometroko erlojupeko saioa eskuratu eban. Mitoa hazten egoan jada.


3. 2004ko maiatza: Irabazi edo hil.

21 urtetxugaz, Asturiasko Itzulian, lasterketan bete-betean sartuta egoala, bizikleta ganean iktus batek jo eta lurrera joan zan. Urte bereko zemendiaren 27an bertan, bizikleta ganean egoan atzera be. Iktusaren gatxa atzean itxita, mitoa bere horretan egoan oraindino.


4. 2007: Tourragazko amodioaren hasierea.

Contadorrek bere lehenengo Grande Boucle-a irabazi eban Parisen, lasterketea mendietan dinamitau ostean. Modu horretan, nazinoarteko panoramako lehen lerroan kokatu zan espainiarra.


5. 2008ko irailaren 13a: Sorterrian irabazle.

Angliru erraldoia azpiratuta, Espainiako Itzulia poltsikoratu eban Contadorrek, bere ibilbideko garaipenik zapaltzaileenetako bat lortuaz.


6. 2012ko zezeilaren 8a: Enegarrenez izorratuten saiatu arren, inoz baino indartsuago.

2010eko garagarrilaren 10ean agerturiko klembuterol bidezko dopajeaz salaturik, Contadorri urte biko gaitasungabetzea ezarri eutsien. 2010tik 2012ra arteko lorpenak kendu eutsiezan Albertori, 2010eko Tourra eta 2011ko Giroa, besteak beste.


7. 2012ko irailaren 5a: Maisulana.

Fuente Dé-ko helmugea modu berezi-bakarrean iruntzi eban Contadorrek, denporaldi haretako Vueltako edizinoa be eroanaz. Txirrindularitza zaharraren erromantizismoa berreskuratu eban madrildarrak, sen abenturazalea -eta suizidea- atera eta azken hamarkadetako Vuelta-ko etaparik ikusgarrien eta hunkigarrientzat joten dana erregalau euskun.


8. 2016ko irailaren 4a: Suak bizirik dirau.

Pintoko izarraren distirea gainbeheran egoala uste zanean, haren espiritua atzera berragertu zan eta Formigalen upealako erakustaldia emon eban. Froome eta haren talde Sky-k taktikeak bizikleta ganean daukan pisua ahaztu eben egun kiskalgarri haretan eta oso karu ordaindu eben hareen hutsegitea. Contadorrek txirrindularitza epikoagaz euki dauen azken aurreko eskuzabaltasun ekintzea izan zan ha; esperantza bako kausa burutuezinakaz be bai, berak ez eze, inork bere egin ezin dituanakaz, alegia.


9. 2017: Etsipenean hain harro, duintasunean hain eskuzabal, pedal ganean hain basati.

Froome eta Sky-ren nagusitasuna begien bistakoa zalarik -eta dalarik-, Contadorrek beste igesaldi zoro, urruneko eta ustez zentzubako bat erabili eban britainiarra eta bere taldea arazotan jarteko. Mikel Landa murgiarragaz batera, Croix de Fer erraldoian erasoa jo eta lasterketearen ardura guztia beregan hartuta, ozta-ozta ibili zan arabarra Tourreko podiumean sartzeko. Nork esango ete eutsan Landari gerora Pariseko kajoian sartzeko segundu bakar bat behar izango ebanik?


10. 2017: Etxekoen aurrean agurra.

Lehian bete-betean sartuta dagoan Espainiako Itzulian, seguru Contadorrek haren abentura eginezinen zerrendea mardulduko dauena, telebistara kateatuten gaituan beste mobimendu epikoren bategaz. Txirrindularitza profesionalari egingo deutson agurra da aurtongo Espainiako Itzulia, Pintoko pistoleroa legez ezaguna den gizonaren azken tiro hotsa. Errekamarako azken balea gastau eta ikusleen bihotzetako dianen erdi-erdian joteko azken abagunea.

Eskerrik asko, pistolero.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu