Barrena entrenetan

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-08-03 00:04

Kirolariak behin eta barriro jagoten dau bere kondizino fisikoa eta beronen bariante edo azpiatal danak. Baina buruaren eta, oro har, pentsamendu zein sentimenduen gestinoa eta prestakuntzea ahaztu egiten dau usu.

Kirolari lehiakorrak daukan zalantza edota galdera ikur bildurgarriena bat bakarra da, beti bardina: konpetizino egunean egindako lan guztia azaleratuko ete dan, hau da, goreneko mailan egotea lortuko ete dauen. Hori lortze aldera, sekreturik bako prozesuan sartzen da. Edozein atletak autortuko dauen lez, konpetizino egunean presinoa, urduritasuna eta zalantzak hain dira handi pisutsuak, non ez dan horrenbeste disfrutetan, ez behintzat probea amaitu eta pisu guztia kanporatu orduko. Konpetentziaren alderdi ona, hain zuzen, behar eta eraikuntza prozesua bera da. Alderik gogorrena da, baina baita aberasgarriena bere. Kirolariak bere kondizinoa eta egoerea zelan hobetuten dan ikusten dau, maila fisikoan zelan hazten dan, zelan heltzen dan geroz eta urrunagoko helmugetara pretsakuntza prozesuaren barruan, eta abar.

Alabaina, entrenamendua, materiala, taktikea edota nutrizinoa muturreraino garatuten dan honetan, sarri ez jako lekurik ixten burua doitzeari. Prestakuntza prozesuaren zama astuna eta estresa ganoraz eroan ahal izateko eta, are gehiago, lehia egunean geure garunari eta barrenei ganezka eragingo deutsien pentsakera negatiboak aldendu ahal izateko, kirol psikologia buztarri eraginkorra eta nahitaezkoa da. Gorputza prestatzeko entrenatzailearen zerbitzuetara normaltasun osoz joten dogun neurrian, ez leuke harrigarria subertau behar data garrantzitsuak hurreratuten diralarik geure entrenamendua psikologoarenetik pasatuarazotea. 

Izugarria da gorputzak ezetz dinonean buruak noraino eroan gaitzaken. 180ko pultsuan pentsamendu negatiboak gure jabe egitera doazanean automotibazinoak, egoera latzen eta bildurren gestino egokiak, pentsamenduen kontrolak eta sufrimenduaganako erresistentziaren lanketeak diferentzia mardula suponidu leike. Esfortzuaren atalaseetatik harago puntutxu erdi bat nahikoa izan leike gure jomuga eta amesak beteteko eta puntutxu erdi hori, buruaren barrenean baino ez dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu