Gorputz erdia, bihotz bikotxa
2017-07-15 20:13Pertsona asko gure artean bizi dira, oso hur, baina urrun sentiduten doguz. Beste batzuk, ostera, ezetu bere ez doguz egiten baina inspirazino, argi eta eredu doguz. Horreetako bat da, hain zuzen, Juanjo Mendez.
Izen-deitura horrek ezagutzen ez dituenentzat, Juanjo Mendez 1992an birjaio egin zan gizon katalan bat da. Bide ertz batean, motor istripu baten ostean, gugandik urrun egotetik bizi-bizi egotera pasau zan. Bidean asko itxi dau, asko joan jako. Hasteko, bere bizi-istorioa abiatuteko egoala, ordu erdiko masaje kardiako bat eta 48 litro odoleko transfusino bat izan ziran harentzako inflexino puntuak. Hortik aurrera bizi barri bat hasi eban, gorputz erdiko bizi bat. Izan bere, ezker hanka-besoak ebagi eutsiezan eta buru aldetik guztiz siskotuta amaitu eban, logikoa dan lez.
Baina egun baten, Juanjok ohetik jagi eta etapa barri bat erne eban. Askatu, atzera jaio eta erabarritu gura ebala erabagi eban. Bizi egin gura eban, BIZI, letra larriz eta etimologiaren azken ertz eta ondorioraino. Halantxe hasi zan bizikleta ganean. Hasieran, orekeari ezin eutsita; aurrerago, bere kabuz baebilela ikusita eta gaur egun, barriz, munduko txapeldun paralinpikoa dalarik.
Seguru nago bere zati handi bat oraindino 1992ko abuztuan dagoala izoztuta, oraindino be errepide-areka haretan botata, odolustuta, jaiotear. Zer esanik bez egun haren ostean etorriko ziran erreabilitazino, bakarrizketa eta anpulu egun baltz-luzeetaz. Juanjo Mendez, nazinoarteko sona eta izena izan ez arren, beti izango da neure heroia. Bai bera eta bai bera lez itzalpean burrukaten daben pertsona horreek, azken mugaraino biziteko amesa eta pasinoa dituen horreek. Gorputz erdia euki arren, bihotz-arima bikotxa daukate-eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!