Bagilaren 10a: Gaur bihotzak josiko doguz barriro

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2017-06-08 23:21

Inoz eginiko lasterketarik gogorrena -edo gogorrenetakoa behintzat- ordukoa kanpora atara beharrekoa. Indarra dagoan artean, nondik gatozen ondo argi eduki, nor garen sinistu; burua hotz eta bihotza bero.

Lantzean behin norbere burua papelera -edo tekladura- eroatea ez dago txarto. Neure kasuan, amateur mailako baina izaera profesionaldun (dana emotea eta zentzu danatan ehuneko ehuna emotea gustetan jatalako dinot, ez ostera kiroletik bizi nazelako) kirolaria nazela uste dot. Eta kirolak emoten deustan hori, bideak erakusten deustan oro, bizitzearen liburuko beste orrialde danatara eroatea egin leitekeen gauzarik probetxugarriena dala deritxot.

Neure kasuan, arrazoi batengaitik edo besteagaitik, bagilaren 10a euki dot begi tartean. Eta zer jazoten da, ba, egun horretan? Labur-zehatz erantzunda, Eusko Bike Challenge. Bestela esanda, Espainia mailan mendiko bizikletako ultramaratoi gogor eta teknikoenetakoa. Beste berba batez, 120 km. eta 4000 metro positiboko igoera metatua. 

Joan dan urteko zemenditik data honetara zehaztapen txiki danak jagoten egon naz. Neure esku egon dan dana neurri-neurrian izan dot kalkulauta: entrenamendua, deskantsua, muskulazinoa, materialea, ibilbidea, antolakuntzea, elikadurea... dan-dana. Eta saiakera handi honegaz batera, ia-ia otu bage, beste esparru guztietan be neure buruaren maximoa emon dot; izan ikasketatan, ingurukoakaz... Hori da, hain zuzen be, kirolak emoten deutsun gauzarik ederrena: norbere buruaren onena zukutzea eta hurrengo egunean atzera zukutzeko prest egongo dala jakitea, hau da, potentzial guztia norberari, ingurukoei eta munduari eskaintzea, bueltan ezer eskatu bage, determinazino osoz. 

Kanpezun egingo dan ultra honek esangura berezia dauka neuretzako. Ez dot bakarrik egingo, atzean dagozan pertsona jakin batzuk izango dodazalako gogoan, eta baita neure ondoan ez baina oso hur dagozan baten batzukaz be. Era berean, ez dot lagunduta egingo, aurretik egin dodan lan guztia, uko egin behar izan dodazan gauza guztiak, sakrifikau dodan dana eta bidean geratu dan guztia neuretzako bakarrik geratzen da-ta.

Kartak mahai ganean dagoz, ilusinoan eta bildurran arteko sentimen hori be bai; zu bildurtzeko lain ez dana baina gauzak lauso ikustarazoteko gauza dana. Prozesu luzea, gogorra eta gura baino tristeagoa izan da gaur artekoa baina, aldi berean, eskatu leitekeen edarrena eta benetakoena. Bizia bera gogorra baina edarra baita aldi berean.

Bagilaren 10ean, malko gehiagorik ez, pedalkada garratz bakarti gehiagorik ez, mamu gehiagorik ez neure barruan. Bagilaren 10ean, bihotzak josiko doguz barriro. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu