Arren, ez naizu hil
2017-05-10 22:55Zer dabil jazoten errepideetan? Guraso gidari danei zuzenduriko gutun edegia.
Nire semeak txirrindularia izan gura dau.
Kaixo, badakit ez zaitudala ezagututen eta parkatu zure aditasuna eskatzeagaitik. Ez naz lar luzatuko. Nire semeak txirrindularia izan gura dauela komentau gura neutsuke. Seguru asko, arratsaldeon zeure kotxea hartuko dozu eta eskolara joango zara zeure seme-alaben bila. Ondoren, gaur egun daroagun bizimodu zoro eta nahasi honetan, akaso entrenamenduren edo eskolaz kanpoko jardueraren batera eroango dozuz. Zeure alabeak, zeure semeak, akaso zeure lobeak, zeure besoetakoak taekwondoa, hockey-a, xakea, futbola, ingelesa, pinturea, musikea edo beste edozer izango dau gustoko.
Zeure etxeko txiki kuttunak beharbada Aritz Aduriz lakoa izan gurako dau, edo Rafa Nadalen parekoa, sukaldaria akaso edota abeslaria. Nire semeak txirrindularia izan gura dau. Goizez institutuan ikasten dau eta arratsaldero-arratsaldero bere bizikletea hartuten dau, partikeretan barrita bat, gel bat eta bere ilusino eta ames danak sartuta. Txirrinduaren atzealdean argia isiotuten dau zuk ha ikusi ahal izateko eta behin eta barriro errepetiduten deutsat arauak errespetetako eta tentuz jokatzeko.
Zin dagizut kanpoan egiten dituan bi, hiru edo lau ordu horreetxetan, errepidean dagoan tarteetan, bizia jokatzen dauela eta etxera itzultzen danean baino ez nazela baretzen. Neure semearen pareko mutiko asko ezagutzen dodaz, esaterako, haren taldekideak eta pelotoiko aurkariak. Danek daukie ames berbera eta ezin gehiago sakrifiketan dira ha lortzeko. Laaterketetan arrisku asko hartzen ditue, jausi egiten dira, zauritu egiten dira, hazurrak lurraren kontra apurtuten ditue, altzau egiten dira, odola eta izerdia isurtzen dabe. Txirrindulariak izan gura dabe.
Nik zure semea edo alabea zoriontsu egiten dauena izatea gura dot, haren amesak bete daitezan nahi dot, horretarako egingo ditu-eta esfortzuak, seguru. Baina, mesedez, itxi egiozu nire semeari txirrindulari izaten, errespetau eizu, ez eizu errepidean hil. Errubeda bi horreen ganean ez dago persona bat bakarrik; persona hori etxeko atetik atzera sartzen ikusi gura daben familiak be badagoz, persona horregaz gozau gurako daben lagunak eta, oro har, zeure seme-alabek lez, zoriontsu izateko eskubidea daukien personak.
Eskerrak emoten deutsudaz hau irakurtearren eta, zorte apur bategaz, hausnarketa bat egitearren. Mila esker aita, ama, gidari hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!